Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 2:11-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Bere lehen mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek; honela, bere Jainko-aintza agertu zuen, eta ikasleek sinetsi egin zuten harengan.

12. Ondoren, Kafarnaumera joan zen bere ama, anai-arreba eta ikasleekin, eta han egon ziren zenbait egunez.

13. Hurbil zen juduen Pazko-jaia, eta Jerusalemera joan zen Jesus.

14. Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta usoak saltzen, eta diru-trukatzaileak ere bai, han eserita.

15. Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez, tenplutik kanpora bota zituen denak, baita ardiak eta idiak ere; eta trukatzaileen diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituen.

16. Uso-saltzaileei esan zien: «Kendu hemendik hau dena. Ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe».

17. Ikasleei, Liburu Santuak dioena etorri zitzaien gogora: Zure tenpluaren maiteminak erreko nau.

18. Orduan, galdetu zioten judu-agintariek:—Zer seinale ematen diguzu hori egiteko aginpidea duzula frogatzeko?

19. Jesusek erantzun zien:—Desegizue tenplu hau eta hiru egunetan berreraikiko dut.

20. Juduek ihardetsi zioten:—Berrogeita sei urte behar izan dira tenplu hau eraikitzeko, eta zuk hiru egunetan berreraikiko duzula?

21. Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen.

22. Horregatik, hildakoen artetik piztu zenean, esandako hori gogoratu zitzaien haren ikasleei, eta sinetsi egin zuten Liburu Santuko eta Jesusek esandako hitza.

23. Pazko-jaian Jesus Jerusalemen zegoela, askok sinetsi zuten harengan, egiten zituen mirarizko seinaleak ikusirik.

Irakurri kapitulu osoa Joan 2