Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 19:7-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Judu-agintariek ihardetsi zioten:—Guk badugu lege bat, eta lege horren arabera heriotza-zigorra merezi du, Jainkoaren semetzat jo baitu bere burua.

8. Hori entzutean, are gehiago beldurtu zen Pilato.

9. Berriro jauregira sartu eta galdetu zion Jesusi:—Nongoa zara zu?Jesusek, ordea, ez zion erantzun ere egin.

10. Orduan, Pilatok esan zion:—Ez didazu erantzun behar? Ez al dakizu aginpidea dudana zu askatzeko ala gurutziltzatzeko?

11. Jesusek erantzun zion:—Ez zenuke nire aurka batere aginpiderik izango, Jainkoak eman ez balizu; horregatik, zure eskuetara eman nautenek bekatu handiagoa dute.

12. Ordudanik, Jesus askatu nahian zebilen Pilato. Baina judu-agintariak oihuka hasi zitzaizkion:—Hori askatzen baduzu, ez zara enperadorearen adiskide; bere burua errege egiten duen oro enperadorearen aurka ari da.

13. Orduan, hitz hauek entzutean, Pilatok kanpora eraman zuen Jesus eta auzitegian eseri zen, «Harlosatua» —hebreeraz Gabata— zeritzan tokian.

14. Pazko-jairako prestaketak egiteko eguna zen, eguerdi aldea. Pilatok esan zien juduei:—Hemen duzue zeuen erregea.

15. Orduan, haiek oihuka:—Kendu hori, kendu! Gurutzera!Pilatok, berriro:—Zuen erregea behar al dut gurutziltzatu?Apaizburuek erantzun zuten:—Ez dugu enperadorea beste erregerik.

16. Orduan, Pilatok haien esku utzi zuen gurutziltza zezaten.Hartu zuten, beraz, Jesus,

17. eta hau, gurutzea lepoan zuela, hiritik «Burezur» —hebreeraz Golgota— zeritzan tokirantz irten zen.

18. Han josi zuten gurutzean eta harekin beste bi, alde bakoitzean bana.

19. Pilatok kartel bat idatzi eta gurutze gainean ezarri zuen. Hau zegoen idatzia: «Jesus Nazaretarra, juduen erregea».

20. Judu askok irakurri zuen kartela, hiritik hurbil baitzegoen Jesus gurutziltzatu zuten lekua; gainera, hebreeraz, latinez eta grekoz zegoen idatzia.

21. Juduen apaizburuek esan zioten Pilatori:—Ez idatzi «juduen erregea», «juduen erregea dela dioena» baizik.

22. Pilatok erantzun zuen:—Idatzitakoa idatzia bego.

23. Soldaduek, Jesus gurutziltzatu ondoren, haren jantziak hartu eta lau zati egin zituzten, bakoitzarentzat bana; gero tunika hartu zuten, baina josturarik gabea zenez, goitik behera ehundua,

24. akordio hau hartu zuten: «Ez dezagun urra; zotz egin dezagun ea zeini egokitzen zaion». Honela, Liburu Santuak dioena bete zen: Nire jantziak banatzen dituzte, nire tunika zotz egiten.Hain zuzen ere, horixe egin zuten soldaduek.

25. Jesusen gurutzearen ondoan zeuden haren ama, amaren ahizpa, Maria Kleofasen emaztea, eta Magdalako Maria.

Irakurri kapitulu osoa Joan 19