Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 17:1-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Honela mintzatu ondoren, Jesusek begiak zerurantz jaso eta esan zuen: «Aita, heldu da ordua. Azal ezazu zeure Semearen aintza, Semeak zure aintza azal dezan.

2. Gizon-emakume guztien gain aginpidea eman diozunez gero, berak betiko bizia eman diezaiela zuk berari emandakoei.

3. Honetan azaltzen da betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bidalitako Jesus Mesias ezagutzean.

4. «Nik zure aintza azaldu dut munduan, zuk eman zenidan egitekoa betez.

5. Orain, Aita, emadazu aintza zeure ondoan, eman mundua mundu izan baino lehen zure ondoan nuen aintza.

6. Eman diet zure berri mundutik bereizi eta eman zenizkidan gizon-emakumeei. Zureak ziren, zuk neuri eman zenizkidan, eta hauek onartu dute zure mezua.

7. Badakite orain zuk eman didazun guztia zuregandik datorrela.

8. Niri eman dizkidazun irakatsiak eman dizkiet nik, eta hauek onartu egin dituzte. Eta benetan dakite zuregandik etorri naizela, baita sinetsi ere zuk bidali nauzula.

9. «Hauen alde erregutzen dut; ez dut munduaren alde erregutzen, zuk eman dizkidazunon alde baizik, zureak direlako;

10. daukadan guztia zurea da eta zurea nirea; eta hauengan azaldu da nire aintza.

11. «Ez naiz aurrerantzean munduan egongo; hauek, ordea, bai, munduan jarraituko dute. Ni zuregana noa. Aita santu horrek, zaindu zeure ahalmenaz zuk eman dizkidazunok, bat izan daitezen gu geu bat garen bezala.

12. Hauekin izan naizen bitartean, neuk zaindu ditut eman dizkidazunok. Hauen ardura izan dut eta hauetako bat ere ez da galdu, galdu behar zuena baizik; horrela, Liburu Santuek diotena bete da.

13. Orain, ordea, zuregana noa. Hau guztia, oraindik munduan nagoela esaten dut, nire poza berengan izan dezaten, eta bete-betea izan ere.

14. «Zure mezua adierazi diet nik; baina munduak gorroto die, mundukoak ez direlako, neu ere mundukoa ez naizen bezala.

15. Ez dizut eskatzen mundutik ateratzeko, Gaiztoarengandik babesteko baizik.

16. Ez dira mundukoak, neu ere mundukoa ez naizen bezala.

Irakurri kapitulu osoa Joan 17