Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 16:21-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

21. Emakumea, erditzerakoan, triste egoten da, ordua heldu zaiolako; haurra jaio ondoren, ordea, ahaztu egiten da larrialdiaz, mundura gizon bat ekarri duelako.

22. Zuek ere triste zaudete orain, baina berriro agertuko natzaizue, eta poztu egingo zarete, eta poz hori inork ez dizue kenduko.

23. «Egun hartan ez duzue ezer galdetu beharrik izango. Bene-benetan diotsuet: Nire izenean Aitari eskatuko diozuen guztia eman egingo dizue.

24. Oraindainokoan ez duzue ezer eskatu nire izenean. Eskatu eta hartuko duzue, zuen poza bete-betea izan dadin.

25. «Orain arte irudi bidez hitz egin dizuet; baina badator ordua irudi bidez hitz egingo ez dizuedana, baizik eta Aitaren berri argi eta garbi emango dizuedana.

26. Orduan, nire izenean eskatuko duzue, eta ez dut nik zuen alde Aitari erregutu beharrik izango,

27. zeren Aitak berak maite baitzaituzte, ni maite izan nauzuelako eta Jainkoarengandik etorri naizela sinetsi duzuelako.

28. Aitarengandik irten eta mundura etorri nintzen; orain mundua utzi eta berriro Aitarengana noa».

29. Ikasleek esan zioten:—Orain bai mintzo zarela argi, eta ez irudi bidez.

30. Ziur dakigu orain dena dakizula eta ez duzula inork galdetu beharrik; honengatik sinesten dugu Jainkoarengandik etorri zarela.

31. Jesusek erantzun zien:—Orain sinesten duzuela?

32. Hara, badator ordua —hobeto esan, heldua da—, nor bere aldetik sakabanatu eta bakarrik utziko nauzuena. Baina ni ez nago bakarrik, nirekin baitago Aita.

33. Hau guztia, nirekin elkarturik bakea izan dezazuen esan dizuet. Munduan larrialdirik izango duzue; baina izan adore! Nik garaitua dut mundua.

Irakurri kapitulu osoa Joan 16