Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 12:8-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Izan ere, behartsuak beti dituzue zeuen artean, baina ni ez nauzue betiko zeuekin».

9. Juduetariko askok jakin zuten Jesus Betanian zegoela, eta bertara joan ziren, ez Jesusengatik bakarrik, baita hildakoen artetik piztu zuen Lazaro ikusteagatik ere.

10. Apaizburuek, orduan, Lazaro ere hiltzea erabaki zuten,

11. berau zela eta, herritar askok alde egiten baitzien eta Jesusengan sinesten.

12. Biharamunean, jaietarako Jerusalemera etorria zen jendetza handia, Jesus zetorrela jakitean,

13. palma-adarrak harturik, bidera atera zitzaion, eta oihuka hasi: «Hosanna! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Bedeinkatua Israelen erregea!»

14. Eta Jesus, astotxo bat aurkiturik, gainean jarri zen, Liburu Santuak dioen bezala:

15. Ez beldur izan, Sion hiri eder! Hara, badatorkizu zeure erregea, astakume baten gainean eseria.

16. Haren ikasleak ez ziren orduan profezia honetaz jabetu, baina gero, Jesusen Jainko-aintza azaldu zenean, konturatu ziren Liburu Santuak zioen huraxe egin ziotela Jesusi.

17. Jesusek Lazaro hilobitik deitu eta hildakoen artetik piztu zuenean bertan zen jendeak gertatutakoaren berri ematen zuen.

18. Horregatik irten zitzaion hainbeste jende Jesusi bidera, egin zuen mirarizko seinalearen berri izan zuelako, hain zuzen.

19. Orduan, fariseuek zioten beren artean: «Argi dago ez dugula ezer ere aurreratzen; begira nola doakion jende guztia atzetik».

20. Jaietan Jainkoari kultu ematera joan zirenen artean baziren greziar batzuk.

21. Hauek Galileako Betsaidako Felipegana hurbildu eta eskabide hau egin zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi genuke».

22. Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi zioten.

Irakurri kapitulu osoa Joan 12