Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 12:19-37 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

19. Orduan, fariseuek zioten beren artean: «Argi dago ez dugula ezer ere aurreratzen; begira nola doakion jende guztia atzetik».

20. Jaietan Jainkoari kultu ematera joan zirenen artean baziren greziar batzuk.

21. Hauek Galileako Betsaidako Felipegana hurbildu eta eskabide hau egin zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi genuke».

22. Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi zioten.

23. Jesusek erantzun zien: «Iritsi da Gizonaren Semearen aintza azalduko den ordua.

24. Bene-benetan diotsuet: Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hiltzen bada, ordea, fruitu asko ematen du.

25. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du.

26. Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena Aitak ohoratu egingo du.

27. «Larri dut orain neure barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik ateratzeko eskatuko al diot Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri bainaiz!

28. Aita, azaldu zeure aintza!»Ahots bat entzun zen orduan zerutik: «Azaldu dut, eta berriro ere azalduko dut».

29. Han zeudenetako batzuek, ahotsa entzunik, trumoia izan zela zioten; beste batzuek, ordea, aingeru batek hitz egin ziola.

30. Jesusek adierazi zuen: «Ahots horrek ez du niretzat hitz egin, zuentzat baizik.

31. Oraintxe da mundu honen epaiketa; oraintxe galduko du bere boterea mundu honetako buruzagiak.

32. Eta nik, lurretik jasoko nautenean, neuregana erakarriko ditut denak».

33. Hitz hauen bidez, nolako heriotzaz hilko zen adierazi zuen.

34. Jendeak honela esan zion:—Mesiasek betiko iraungo duela irakasten digute Liburu Santuek. Nola diozu, bada, zuk Gizonaren Semea lurretik jaso behar dutela? Nor da Gizonaren Seme hori?

35. Jesusek erantzun zien:—Oraindik pixka batean argia zeuen artean duzue; ibili argia duzuen bitartean, ilunpeak harrapa ez zaitzaten, ilunpetan dabilenak ez baitaki nora doan.

36. Argia duzuen bitartean, sinetsi argiari, argiaren partaide izan zaitezten.Gauza hauek esan ondoren, Jesus haiengandik alde egin eta ezkutatu egin zen.

37. Jesusek herriaren aurrean mirarizko hainbat seinale egin zuen arren, gehienek ez zuten harengan sinetsi;

Irakurri kapitulu osoa Joan 12