Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 12:17-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Jesusek Lazaro hilobitik deitu eta hildakoen artetik piztu zuenean bertan zen jendeak gertatutakoaren berri ematen zuen.

18. Horregatik irten zitzaion hainbeste jende Jesusi bidera, egin zuen mirarizko seinalearen berri izan zuelako, hain zuzen.

19. Orduan, fariseuek zioten beren artean: «Argi dago ez dugula ezer ere aurreratzen; begira nola doakion jende guztia atzetik».

20. Jaietan Jainkoari kultu ematera joan zirenen artean baziren greziar batzuk.

21. Hauek Galileako Betsaidako Felipegana hurbildu eta eskabide hau egin zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi genuke».

22. Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi zioten.

23. Jesusek erantzun zien: «Iritsi da Gizonaren Semearen aintza azalduko den ordua.

24. Bene-benetan diotsuet: Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hiltzen bada, ordea, fruitu asko ematen du.

25. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du.

Irakurri kapitulu osoa Joan 12