Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 12:12-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Biharamunean, jaietarako Jerusalemera etorria zen jendetza handia, Jesus zetorrela jakitean,

13. palma-adarrak harturik, bidera atera zitzaion, eta oihuka hasi: «Hosanna! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Bedeinkatua Israelen erregea!»

14. Eta Jesus, astotxo bat aurkiturik, gainean jarri zen, Liburu Santuak dioen bezala:

15. Ez beldur izan, Sion hiri eder! Hara, badatorkizu zeure erregea, astakume baten gainean eseria.

16. Haren ikasleak ez ziren orduan profezia honetaz jabetu, baina gero, Jesusen Jainko-aintza azaldu zenean, konturatu ziren Liburu Santuak zioen huraxe egin ziotela Jesusi.

17. Jesusek Lazaro hilobitik deitu eta hildakoen artetik piztu zuenean bertan zen jendeak gertatutakoaren berri ematen zuen.

18. Horregatik irten zitzaion hainbeste jende Jesusi bidera, egin zuen mirarizko seinalearen berri izan zuelako, hain zuzen.

19. Orduan, fariseuek zioten beren artean: «Argi dago ez dugula ezer ere aurreratzen; begira nola doakion jende guztia atzetik».

20. Jaietan Jainkoari kultu ematera joan zirenen artean baziren greziar batzuk.

21. Hauek Galileako Betsaidako Felipegana hurbildu eta eskabide hau egin zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi genuke».

22. Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi zioten.

23. Jesusek erantzun zien: «Iritsi da Gizonaren Semearen aintza azalduko den ordua.

24. Bene-benetan diotsuet: Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hiltzen bada, ordea, fruitu asko ematen du.

25. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du.

26. Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena Aitak ohoratu egingo du.

27. «Larri dut orain neure barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik ateratzeko eskatuko al diot Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri bainaiz!

28. Aita, azaldu zeure aintza!»Ahots bat entzun zen orduan zerutik: «Azaldu dut, eta berriro ere azalduko dut».

29. Han zeudenetako batzuek, ahotsa entzunik, trumoia izan zela zioten; beste batzuek, ordea, aingeru batek hitz egin ziola.

Irakurri kapitulu osoa Joan 12