Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 1:38-50 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

38. Jesusek, atzera begiratu eta ondoren zetozkiola ikusirik, galdetu zien:—Zeren bila zabiltzate?Haiek erantzun:—Rabbi, non bizi zara? (Rabbik «Maisu» esan nahi du).

39. Jesusek esan zien:—Etorri eta ikusi.Joan, non bizi zen ikusi eta berarekin gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak aldea zen.

40. Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietariko bat Andres zen, Simon Pedroren anaia.

41. Lehenik, bere anaia Simonekin egin zuen topo, eta esan zion: «Mesias aurkitu diagu» (Mesiasek «Kristo» —hau da, Gantzutu— esan nahi du).

42. Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begira-begira jarririk, esan zion: «Simon zara zu, Joanen semea, baina aurrerantzean Kefas deituko zara» (Kefasek «Pedro» —hau da, Harkaitz— esan nahi du).

43. Biharamunean, Jesusek Galilearantz joatea erabaki zuen. Felipe aurkitu eta esan zion: «Jarraitu niri».

44. Felipe Betsaidakoa zen, Andres eta Pedroren herrikoa.

45. Felipek Natanael aurkitu zuen, eta esan zion:—Moisesek legearen liburuan eta profetek beren idazkietan aipatu zuten hura aurkitu diagu: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa.

46. Natanaelek esan zion:—Ezer onik atera ote daiteke Nazaretetik?Felipek erantzun zion:—Etorri eta ikusi.

47. Ikusi zuen Jesusek Natanael zetorkiola, eta esan zuen:—Hona benetako israeldar bat, faltsukeriarik gabea.

48. Natanaelek galdetu zion:—Nondik ezagutzen nauzu?Jesusek erantzun:—Felipek deitu aurretik ikusi zintudan pikupean.

49. Natanaelek esan zion:—Maisu, zu Jainkoaren Semea zara, zu Israelgo erregea zara.

50. Jesusek ihardetsi zion:—Pikupean ikusi zintudala esan dizudalako sinesten al duzu? Handiagorik ere ikusiko duzu!

Irakurri kapitulu osoa Joan 1