Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 1:19-37 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

19. Judu-agintariek apaiz- eta lebitar-talde bat bidali zioten Joani Jerusalemdik nor zen galdetzera.

20. Hark argi eta garbi aitortu zuen:—Ni ez naiz Mesias.

21. —Orduan, zer? Elias zara? —galdetu zioten.Joanek erantzun:—Ez.—Etortzekoa den profeta zara?Hark erantzun:—Ez.

22. Berriro galdetu zioten:—Nor zaitugu, bada? Bidali gaituztenei erantzunen bat eraman behar diegu. Zer diozu zeure buruaz?

23. Joanek, Isaias profetaren hitzak aipatuz, esan zuen:—Ni, «Prestatu bidea Jaunari» basamortuan oihuka ari denaren ahotsa naiz.

24. Talde hartako batzuk fariseuak ziren.

25. Hauek galdetu zioten:—Beraz, Mesias ez bazara, ez Elias, ezta etortzekoa den profeta ere, nola ari zara bataiatzen?

26. Joanek erantzun zien:—Nik urez bataiatzen dut; zeuen artean baduzue, ordea, ezagutzen ez duzuen bat,

27. nire ondoren datorrena, eta ni ez naiz inor hari oinetako lokarriak askatzeko ere.

28. Hau dena Betanian gertatu zen, Jordan ibaiaren beste aldean, han ari baitzen Joan bataiatzen.

29. Biharamunean, Joanek Jesus beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena.

30. Honetaz ari nintzen, “Nire ondoren datorren gizona nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean.

31. Neuk ere ez nuen ezagutzen; baina ni urez bataiatzera etorri banaiz, bera Israel herriari agerrarazteko izan da».

32. Eta beste hau ere aitortu zuen Joanek: «Espiritua ikusi dut, uso-tankeran, zerutik jaisten, eta honen gainean gelditzen.

33. Neuk ere ez nuen ezagutzen, baina urez bataiatzera bidali ninduenak esan zidan: “Espiritua jaisten eta gizon baten gainean gelditzen ikusiko duzu; huraxe da Espiritu Santuaz bataiatzen duena”.

34. Eta neuk ikusi dut eta aitortzen hauxe dela Jainkoaren Semea».

35. Hurrengo egunean, berriro ere bertan zegoen Joan bere bi ikaslerekin.

36. Jesus handik igarotzen ikusirik, esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa».

37. Bi ikasleek, hori entzutean, Jesusi jarraitu zioten.

Irakurri kapitulu osoa Joan 1