Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13

Itun Zaharra

Itun Berria

Hebrearrei 9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Antzinako opariak baliorik gabeak

1. Lehenengo itunak bazituen bere kultu-ohikuneak eta bere lurreko santutegia.

2. Honela antolatua zegoen santutegia: lehenengo aldean, «Santu» izenekoan, argimutila, mahaia eta Jaunari eskainiriko ogiak zeuden;

3. gero, bigarren errezelaren atzean «Toki santu-santu» izeneko aldea zegoen.

4. Bertan, intsentsua erretzeko urrezko aldarea eta itun-kutxa, dena urrez estalia, zeuden. Kutxaren barruan urrezko ontzi bat zegoen, manaz betea, baita Aaronen makila, ernamuindu zena, eta itunaren harlauzak ere.

5. Kutxaren gainean bi izaki hegaldun zeuden, Jainkoaren presentzia aintzatsua adierazten zuten kerubinak, beren hegoez kutxa gaineko estalkia babesten zutenak. Baina hau ez da gai hauetaz xehetasunez hitz egiteko unea.

6. Honela eratua zegoen, beraz, santutegia. Lehenengo aldean edozein garaitan sartzen dira apaizak beren kultu-zerbitzua betetzeko;

7. bigarren aldean, berriz, apaiz nagusia besterik ez da sartzen eta urtean behin bakarrik; eta orduan ere, bere buruaren eta herriaren hutsegiteengatik eskaini behar duen abere-odola eramanez sartzen da.

8. Honekin, hau adierazi nahi digu Espiritu Santuak: lehenengo santutegiak irauten zuen bitartean, benetako santutegirako bidea ez zegoela zabalik.

9. Izan ere, lehenengo santutegia orain gertatzen ari denaren irudi da; beraz, hor eskaintzen diren emaitza eta opariek ez dute indarrik eskaintzen dituena barrutik bete-betea egiteko;

10. izan ere, horiek guztiak janariei, edariei eta zenbait garbikuntza-ohikuneri —hau da, azaleko gauzei— dagozkien legeak besterik ez dira, Jainkoak gauzak aldatuko dituen arte balio dutenak.

Kristoren bete-beteko oparia

11. Kristo, berriz, datozen ondasunen apaiz nagusi bezala agertu da. Bera sartu den etxola lehengoa baino hobea eta bikainagoa da, ez giza eskuz egina, hau da, ez mundu honetakoa.

12. Kristo behin betiko sartu da santutegian, ez aker eta zekorren odola eskainiz, berea baizik, horrela betiko salbamena lortu digularik.

13. Beraz, akerren eta zezenen odolak eta erretako behi baten errautsek, kutsaturik daudenen gain zirtatuz gero, kutsaturiko pertsona horiek sagaratzeko indarra baldin badute azaleko garbitasuna emanez,

14. zenbatez gehiago Kristoren odolak, betiko Espirituaren bitartez akats gabeko oparitzat bere burua Jainkoari eskaini zion harenak, ez du garbituko gure barrua heriotzara daramaten egintzetatik, Jainko biziari kultua emateko gai izan gaitezen!

Itun berria

15. Horregatik, Jesu Kristo itun berri baten bitarteko da, bere heriotzaz antzinako itunaren garaian egindako hutsegiteak barkatu baititu; horrela, agindutako betiko ondarea jaso dezakete Jainkoak deitutakoek.

16. Izan ere, testamentua beteko bada, beharrezkoa da testamentugilea hila izatea,

17. hil ondoren balio baitu testamentuak; testamentugilea bizi den bitartean, ez du indarrik.

18. Horregatik, lehenengo ituna ere ez zen odol-isurketarik gabe egin.

19. Moisesek, legeko agindu guztiak herriaren aurrean irakurri ondoren, zekor eta akerren odola hartu zuen —ur, purpura gorrimin eta isipuaz batera—, eta lege-liburua eta herri osoa zirtatu zituen,

20. esanez: Odol hau Jainkoak zuekin egiten duen itunaren ezaugarri da.

21. Era berean, Moisesek etxolan eta kultuan erabiltzen ziren tresna guztiak zirtatu zituen odolaz.

22. Izan ere, legearen arabera, ia gauza guztien garbikuntza odolaren bidez egiten da, eta odol-isurketarik gabe ez dago barkamenik.

Itun berriko oparia

23. Beharrezkoak ziren horrelako ohikuneak zerukoen irudi besterik ez ziren gauzen garbikuntza egiteko; zeruko gauzek berek, ordea, opari baliotsuagoak behar zituzten.

24. Hala, Kristo ez zen sartu gizakiek egindako santutegian —egiazkoaren irudi besterik izango ez zen batean—, zeruan bertan baizik, orain Jainkoaren aurrean gure alde agertzeko;

25. eta ez zen sartu behin eta berriz bere burua opari eskaintzeko, apaiz nagusia santutegian berea ez duen odolarekin urtean behin sartzen den bezala.

26. Bestela, hil ere askotan hil behar izango zuen mundua mundu denetik gaur arte. Baina ez, Kristo behin bakarrik agertu da orain, azkenak diren garai hauetan, bere buruaren opariaz bekatua desegiteko.

27. Eta gizon-emakumeek behin bakarrik hil behar dutela eta gero auzia izango dela erabakita dagoen bezala,

28. halaxe Kristo ere: behin bakarrik izan zen oparitzat eskainia guztien bekatuak desegiteko, eta gero bigarrenez agertuko da, bekatuarekin zerikusirik gabe, beraren zain daudenak salbatzera.