Itun Zaharra

Itun Berria

Hebrearrei 6:7-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Lurrak ere, gainera maiz datorkion euria xurgatu eta nekazariari probetxuzko landareak ematen badizkio, Jainkoaren bedeinkazioa du berekin;

8. baina, sasi eta sastrakak ematen baditu, ez du ezertarako balio, Jainkoak madarikatu egingo du eta, azkenik, erre egingo dute.

9. Horrela hitz egiten badizuegu ere, senide maiteok, ziur gaude, zuei dagokizuenez, jokabide guztiz jatorra duzuela, salbamena lortzeko egokia.

10. Zintzoa da, bai, Jainkoa eta ez da ahaztuko zuek egin duzuenaz, ezta, lehen nahiz orain fededunak zerbitzatuz, berari agertu diozuen maitasunaz ere.

11. Hauxe nahi genuke, hala ere: azkeneraino ager dezazuela guztiok orain arte izan duzuen ardura bera, zuen itxaropena bete-betea izatera irits dadin;

12. ez zaiteztela nagi bihur, baizik eta jarraitu fedez eta eroapenez Jainkoaren agintzariak jasotzen ari direnen etsenpluari.

13. Jainkoak, Abrahami agintzaria egin zionean, bere buruarengatik egin zuen zin, ez baitzuen bera baino inor handiagorik zin egiteko.

14. Esan zion: Oparo bedeinkatuko zaitut eta ondorengoak erruz ugalduko.

15. Eta, eroapenez itxaron ondoren, eskuratu egin zuen Abrahamek Jainkoaren agintzaria.

16. Gizon-emakumeek berak baino handiago den norbaitengatik egiten dute zin, eta zin eginez erabakitzen dute edozein eztabaida.

17. Horregatik, Jainkoak ere, agindutako ondasunak hartuko zituztenei beraren asmoa aldaezina zela garbi erakutsi nahirik, zin-hitzez lotu zuen bere burua.

18. Beraz, bi gauza ditugu Jainkoaren asmoa aldaezina dela adierazten digutenak: agintzaria eta zin-hitza —eta horietan Jainkoak ez dezake gezurrik esan—; horietan oinarriturik, adorez beteak sentitzen gara aurrean dugun itxaropenari eusteko.

Irakurri kapitulu osoa Hebrearrei 6