Itun Zaharra

Itun Berria

Hebrearrei 10:24-38 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

24. Lagun diezaiogun elkarri, maitasunean eta egintza onetan elkar gogoberotuz.

25. Ez utzi batzarrera joateari, batzuen batzuek ohi duten bezala, baizik eta adoretu elkar, eta are gehiago Jaunaren eguna hurbiltzen ari dela ikusten duzuen honetan.

26. Zeren, egia ezagutu ondoren, nahita bekatu egiten jarraitzen badugu, ez dago gehiago bekatuen barkamenerako oparirik:

27. Jainkoaren auzi izugarria eta errebeldeak irentsiko dituen su kiskalgarria besterik ez dezakegu espero.

28. Moisesen legea hausten duenari heriotza-zigorra ematen zaio gupidarik gabe, bi edo hiru lekukoren aitorpenaz.

29. Zenbatez zigor handiagoa ez ote du mereziko Jainkoaren Semea hankapean erabili, sagaratu duen ituneko odola profanatu eta Jainkoak onginahiz eman dion Espiritua iraintzen duenak!

30. Ongi ezagutzen dugu hau esan zuena: Niri dagokit mendekua, neuk emango dut ordaina.Eta beste hau ere esan zuen: Jaunak epaituko du bere herria.

31. Izugarria da Jainko biziaren eskuetan erortzea!

32. Oroit zaitezte iraganeko egun haietaz: argia hartu berri hartan borroka gogor eta neketsua eraman behar izan zenuten.

33. Zuetako batzuek irainak eta tratu txarrak jasan zenituzten guztien aurrean; besteok, horrela erabilitakoen lagunkide izan zineten;

34. parte izan zenuten kartzelatuen oinazeetan eta pozik sufritu zenuten zeuen ondasunak kendu zizkizuetenean, jakinik aberastasun bikainagoa eta iraunkorragoa zenutela.

35. Beraz, ez galdu adorea, berekin sari handia dakar eta.

36. Iraupena behar duzue, Jainkoaren borondatea betez agintzaria eskuratzeko.

37. Izan ere: Laster, bai, oso laster etorriko da etortzekoa, ez du luzatuko.

38. Nire zintzoa fedeari esker biziko da, baina atzera egiten badu, ez dut atsegin izango .

Irakurri kapitulu osoa Hebrearrei 10