Itun Zaharra

Itun Berria

Hebrearrei 10:14-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

14. Izan ere, opari bakar baten bidez beren betera eraman ditu Jainkoarentzat behin betiko sagaratuak direnak.

15. Aitorpen bera egiten digu Espiritu Santuak ere, hau esatean:

16. Hona hemen etorkizunean haiekin egingo dudan ituna: Bihotzean ezarriko dizkiet neure legeak, buruan idatziko. Hala diot nik, Jaunak.

17. Eta haien bekatuak eta gaiztakeriak ez ditut gehiago gogoratuko.

18. Horrela bada, bekatuak barkaturik daudenean, ez da bekatuen barkamenerako opari beharrik.

19. Beraz, senideok, Jesu Kristoren odolari esker konfiantza dugu santutegian sartzeko,

20. Jesusek errezelean barrena —hau da, bere gorputzean barrena— bide berri eta bizia ireki baitigu.

21. Jesus apaiz handia Jainkoaren etxeko buru dugunez,

22. hurbil gakizkion bihotz zintzoz eta sinesmen osoz, barrua bekatu-kontzientzia guztitik garbiturik eta gorputza ur garbiz txukundurik.

23. Iraun dezagun sendo itxaropena aitortuz, leiala da-eta hitza eman diguna.

24. Lagun diezaiogun elkarri, maitasunean eta egintza onetan elkar gogoberotuz.

25. Ez utzi batzarrera joateari, batzuen batzuek ohi duten bezala, baizik eta adoretu elkar, eta are gehiago Jaunaren eguna hurbiltzen ari dela ikusten duzuen honetan.

26. Zeren, egia ezagutu ondoren, nahita bekatu egiten jarraitzen badugu, ez dago gehiago bekatuen barkamenerako oparirik:

27. Jainkoaren auzi izugarria eta errebeldeak irentsiko dituen su kiskalgarria besterik ez dezakegu espero.

28. Moisesen legea hausten duenari heriotza-zigorra ematen zaio gupidarik gabe, bi edo hiru lekukoren aitorpenaz.

29. Zenbatez zigor handiagoa ez ote du mereziko Jainkoaren Semea hankapean erabili, sagaratu duen ituneko odola profanatu eta Jainkoak onginahiz eman dion Espiritua iraintzen duenak!

30. Ongi ezagutzen dugu hau esan zuena: Niri dagokit mendekua, neuk emango dut ordaina.Eta beste hau ere esan zuen: Jaunak epaituko du bere herria.

31. Izugarria da Jainko biziaren eskuetan erortzea!

32. Oroit zaitezte iraganeko egun haietaz: argia hartu berri hartan borroka gogor eta neketsua eraman behar izan zenuten.

33. Zuetako batzuek irainak eta tratu txarrak jasan zenituzten guztien aurrean; besteok, horrela erabilitakoen lagunkide izan zineten;

Irakurri kapitulu osoa Hebrearrei 10