Itun Zaharra

Itun Berria

Hebrearrei 10:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Legeak, beraz, etortzekoak ziren ondasunen itzala bakarrik izanik eta ez gauzen izatea bera, ez ditzake inola ere, urtero etengabe eskaintzen diren opari berberen bidez, Jainkoarengana hurbiltzen direnak bete-beteko egin.

2. Bestela, amaitu egingo ziren opariak, kultu hori eskaintzen zutenek, behin garbituz gero, inongo bekatu-kontzientziarik ez baitzuten izango.

3. Baina opariak eskaintzean bekatuen oroitzapena berritzen da urtero,

4. zezenen eta akerren odolak ez baititzake bekatuak desegin.

5. Horregatik, Kristok, mundu honetan sartzerakoan, Jainkoari esan zion: Ez zenuen nahi izan opari eta eskaintzarik; baina gorputza eratu zenidan.

6. Erre-opari eta bekatuen barkamen-oparirik ez duzu atsegin izan.

7. Horregatik diot: «Hemen nauzu». Liburuan agintzen zait zure nahia betetzeko, ene Jainko.

8. Lehenik dio: Ez zenuen nahi izan, ez atsegin izan, opari eta eskaintzarik, ez erre-opari, ez bekatuen barkamen-oparirik, nahiz eta gauza guztiok legeak agindutakoak izan.

9. Ondoren, beste hau dio: Hemen nauzu zure nahia betetzeko.Aipaturiko lehenengo kultua kentzen du bigarrena jartzeko.

10. Eta behin betiko egin zuen bere gorputzaren eskaintzaren bidez, Jesu Kristok Jainkoaren nahia bete duelako izan gara gu Jainkoarentzat sagaratuak.

11. Apaiza egunero ari da bere kultu-zerbitzuan, bekatua inola ere kendu ezin duten opari berberak behin eta berriz eskainiz.

12. Baina Jesu Kristo, opari bat bakarra bekatuengatik eskaini ondoren, Jainkoaren eskuinaldean eseri zen behin betiko.

13. Eta, orain, Jainkoak etsaiak oin-aulkitzat noiz jarriko dizkion itxaroten dago.

Irakurri kapitulu osoa Hebrearrei 10