Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13

Itun Zaharra

Itun Berria

Hebrearrei 1 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

SARRERA (1,1-4)

Jainkoaren Semeak goi-agerpenari erabateko osotasuna eman

1. Askotan eta era askotara hitz egin zien antzina Jainkoak gure arbasoei profeten bidez;

2. azken egun hauetan, berriz, bere Semearen bidez hitz egin digu. Seme horrexen esku utzi ditu gauza guztiak, egin ere berorren bidez egin baitzuen mundua.

3. Bera da Jainkoaren aintzaren distira eta beronen izatearen irudia, eta berak eusten die gauza guztiei bere hitz ahaltsuaz, eta, bekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskuinaldean eseri da zeru goienetan.

4. Eta aingeruak baino gehiago izatera iritsi da, ondaretzat jaso duen izena ere haiena baino askoz goragokoa denez gero.

KRISTO AINGERUEN GAINETIK (1,5—2,18)

Kristo Jainkoaren Seme

5. Izan ere, Jainkoak ez dio sekula inongo aingeruri esan: Nire semea zara zu, gaur zaitut nik sortu;eta beste hau ere ez: Aita izango nau hark ni, eta seme izango dut nik hura.

6. Jainkoak bere lehen-semea munduan sarraraztean, berriz, honela esaten du: Adora dezatela bera Jainkoaren aingeru guztiek.

7. Aingeruei buruz hau dio Jainkoak: Haizearen antzeko egiten ditu bere aingeruak, sugarraren antzeko bere zerbitzariak .

8. Baina bere Semeaz hau esaten du: Zure tronua, oi Jainko, betikoa da, zure erregetza zuzentasun-erregetza.

9. Zuzen dena izan duzu maite eta oker dena gorroto; horregatik, Jainkoak, zeure Jainkoak , gantzutu zaitu, jai-giro pozgarrian, lagunen artean aukeraturik.

10. Eta beste hau ere badio: Jauna, hasieratik sendo ezarri zenuen lurra, zure eskuek egina da zerua;

11. haiek galduko dira, baina zuk iraungo; jantzia bezala gastatuko dira,

12. soinekoa bezala tolestuko dituzu, jantzia bezala aldatuko. Zu, ordea, beti bera, zure urteak amaigabeak.

13. Jainkoak ez dio sekula inongo aingeruri esan: Eseri tronuan nire eskuinean: etsaiak oin-aulkitzat jarriko dizkizut.

14. Zer dira, bada, aingeru guztiak, Jainkoaren zerbitzura dauden espirituak, salbamena jaso behar dutenei laguntzera bidaliak, baizik?