Itun Zaharra

Itun Berria

Galaziarrei 2:3-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Eta hara, neurekin nuen Tito ere, jentil-jatorrikoa izan arren, ez zuten erdaintzera behartu.

4. Arazoa gezurrezko anaia batzuek sortu zuten: tartean sartu zitzaizkigun azpikeriaz, Jesu Kristori esker dugun askatasuna oztopatzeko eta gu berriro Moisesen legearen esklabo bihurtzeko.

5. Horrelako horien aurrean ez genuen une batez ere atzera egin, beraiei amore emanez, beharrezko baitzen berri onaren egiak zuengan sendo irautea.

6. Zuzendariei dagokienez —zer ziren edo zer ez ziren ez dit axola, Jainkoak ez baitio itxurari begiratzen—…, zuzendari horiek, bada, ez zidaten ezer ezarri.

7. Oso bestela, ikusi zuten Jainkoak jentilei berri ona hots egiteko aukeratu ninduela, Pedro juduei hots egiteko aukeratu zuen bezala.

8. Zeren Pedrori juduen apostolu izatera eragin zion Jainkoak berak eragin baitit niri jentilen apostolu izatera.

9. Aintzat hartu zuten, bada, Jainkoak niri emandako dohaina, eta elkarteko zutabetzat hartuak ziren Santiago, Pedro eta Joanek eskua eman ziguten Bernaberi eta bioi elkartasun-seinaletzat: guk jentilen artean lan egingo genuen, eta haiek juduen artean.

10. Hau besterik ez ziguten eskatu: hango behartsuak gogoan izateko. Eta ardura osoz saiatu naiz hori betetzen.

11. Baina, Pedro Antiokiara etorri zenean, gogor egin behar izan nion aurrez aurre, oker jokatu baitzuen.

12. Izan ere, Santiagoren aldeko batzuk etorri aurretik, ez zuen eragozpenik izaten judu ez zirenekin jateko; baina, haiek etorriz gero, atzera egin zuen eta bereiz egoten hasi zen, erdainkuntzaren aldeko zirenen beldurrez.

13. Eta gainerako juduek ere jarraitu egin zioten itxurakeria horretan, Bernabe bera ere hartara jarri zelarik.

Irakurri kapitulu osoa Galaziarrei 2