Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 8:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Orain, beraz, ez da gaitzespenik Jesu Kristorekin bat direnentzat.

2. Izan ere, Jesu Kristori esker, bizia ematen duen Espirituaren legeak askatu egin zaitu bekatuaren eta heriotzaren legetik.

3. Legeak giza ahuleziagatik ezin zuena, Jainkoak egin du: gurea bezalako bekatuzko izaeran bidali du bere Semea eta honek, bere burua barkamen-oparitzat eskainiz, kondenatu egin du bekatua bere giza izaera hilkorrean.

4. Honela, bete dezakegu legeak eskatzen duena, ez baikara giza grinen arabera bizi, Espirituaren arabera baizik.

5. Giza grinen arabera bizi direnek gogoak ere halakoak dituzte; Espirituaren arabera bizi direnek, berriz, gogoak ere Espirituarenak.

6. Giza grinei jarraitzeak heriotzara darama; Espirituari jarraitzeak, berriz, bizitzara eta bakera.

7. Izan ere, giza grinei jarraitzen dietenak Jainkoaren aurkako dira; ez dute nahi eta ez dira ere gauza Jainkoaren legeari jarraitzeko.

8. Horregatik, giza grinen menpean bizi direnak ezin daitezke Jainkoaren gogoko izan.

9. Zuek, ordea, ez zarete bizi grina horien menpean, Espirituaren menpean baizik, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi baita. Norbaitek Kristoren Espiritua ez badu, hori ez da Kristorena.

10. Kristo zuengan baldin badago, berriz, gorputza bekatuagatik hil egingo den arren, Espirituak badu bizia, Jainkoaren salbamen-indarrari esker.

11. Jesus hildakoen artetik piztu zuen Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hildakoen artetik piztu zuenak berak biziaraziko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan bizi den bere Espirituaren bitartez.

12. Zorretan gaude, beraz, senideok, baina ez giza grinekin, haien arabera bizitzeko.

13. Horrela bizitzen bazarete, hil egingo zarete; baina Espirituaren bidez giza egintza gaiztoei uko egiten badiezue, bizi egingo zarete.

Irakurri kapitulu osoa Erromatarrei 8