Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 5:1-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Beraz, Jainkoak sinesmenaren bidez onartu gaituelarik, bakean gaude berarekin, Jesu Kristo gure Jaunari esker.

2. Berari esker, sinesmenaren bidez eman digu Jainkoak bere onginahia geureganatzea. Egoera honetan sendo irauten dugu eta harro gaude Jainkoaren aintza iritsiko dugulako itxaropenez.

3. Eta ez hori bakarrik, harro gaude atsekabeez ere; bai baitakigu atsekabeak eroapena duela ondorio;

4. eroapenak probaldia gainditzeko gai egiten gaituela, eta probaldia gainditzeak itxaropena sendotu egiten duela;

5. eta itxaropenak ez du huts egiten, Jainkoak bere maitasuna isuri baitigu geure bihotzetara, berak emandako Espiritu Santuaren bitartez.

6. Izan ere, oraindik bekatupean indargabe ginela, Jainkoak erabakitako garaian, gaiztoen alde hil zen Kristo.

7. Nekez hilko litzateke norbait pertsona zuzen baten alde; agian bai, badaiteke norbait pertsona on baten alde hiltzeko prest egotea.

8. Baina Kristo, gu oraindik bekatari ginela hil zen gure alde: honela erakusten du Jainkoak guri digun maitasuna.

9. Orain, Jainkoak Kristoren odolaz onartu gaituelarik, zenbatez gehiago ez ote gaitu salbatuko zigorretik beraren bitartez!

10. Zeren eta, etsai ginelarik, Jainkoak bere Semearen heriotzari esker berekin baketu bagintuen, behin baketuz gero, zenbatez gehiago ez ote gaitu salbatuko beraren biziaz!

11. Are gehiago, Jainkoaz harro gaude Jesu Kristo gure Jaunari esker, beronen bitartez Jainkoarekin baketzea iritsi baitugu dagoeneko.

12. Gizon baten bidez sartu zen bekatua munduan, eta bekatuaren bidez heriotza; horrela, gizon-emakume guztiengana zabaldu zen heriotza, guztiek egin baitzuten bekatu.

Irakurri kapitulu osoa Erromatarrei 5