Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 4:9-24 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Zorion hau, ordea, erdainduari bakarrik ote dagokio, ala erdaingabeari ere bai? Esan bezala, sinesmenagatik onartu zuen Jainkoak Abraham zuzentzat.

10. Baina noiz onartu zuen? Erdaindu aurretik ala ondotik? Aurretik, noski, ez ondotik.

11. Erdainkuntza ezaugarri gisa eman zion Jainkoak, erdaindu aurretik sinesmenari esker onartu zuela adierazteko. Horrela, sinesten duten erdaingabe guztien aita da Abraham: hauek ere zuzentzat onartzen ditu Jainkoak;

12. era berean, erdainduen aita da: erdainduak izateaz gainera, Abraham gure aitak erdaindu aurretik zeukan sinesmenaren urratsei jarraitzen dietenen aita, alegia.

13. Beren oinordekotza mundua izango zutela agindu zien Jainkoak Abrahami eta ondorengoei. Agintzari hau, ordea, ez zegokion legea betetzeari, sinesmenak duen salbamen-indarrari baizik.

14. Legea betetzen dutenak bakarrik balira oinordeko, hutsean geldituko litzateke sinesmena eta baliogabe agintzaria.

15. Legeak zigorra dakar ondorio; baina legerik ez dagoenean, ez da lege-hausterik ere.

16. Beraz, agintzaria, dohain hutsa izanik, fedeari dagokio; horrela, Abrahamen ondorengo guztientzat balio du, legearen arabera ondorengo direnentzat ez ezik, baita Abrahamen sinesmenaren arabera direnentzat ere. Bera aita dugu guztiok,

17. Liburu Santuak dioen bezala: Herri askoren aita egin zaitut. Abraham aita dugu, beraz, Jainkoaren aurrean; hark sinetsi egin baitzuen hilak biziarazten eta izaterik ez dutenak izatera deitzen dituen Jainkoarengan.

18. Abrahamek sinetsi egin zuen inolako itxarobiderik ez zegoenean; horrela, herri askoren aita egin zen, Jainkoak esan zionaren arabera: Horrenbeste izango dira zure ondorengoak.

19. Ez zitzaion moteldu sinesmena, bere gorputza ia hila —ehun urte hurbil baitzituen— eta Sararen sabela ere agorra zela ikusi arren.

20. Jainkoaren agintzariaren aurrean ez zen sinesgogor izan, ezta zalantzan ibili ere, baizik eta sendotu egin zen sinesmenean; horrela, Jainkoak egia zioela aitortu zuen,

21. erabat ziur baitzegoen hark hitzemana betetzeko zuen ahalmenaz.

22. Horrexegatik, hain zuzen, onartu egin zuen Jainkoak.

23. Baina Liburu Santuak ez du hori harengatik bakarrik esaten,

24. guregatik ere badio; gu ere, Jesus gure Jauna hildakoen artetik piztu zuenarengan sinesten dugunok, sinesmenari esker onartuko baikaitu Jainkoak.

Irakurri kapitulu osoa Erromatarrei 4