Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 9:24-37 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

24. baina Saulok haien asmoen berri izan zuen. Eta, bera hiltzeko, juduek hiriko ateak gau eta egun zaindurik zeuzkaten arren,

25. bere ikasleek harresitik behera eraitsi zuten Saulo gauez saski batean.

26. Jerusalemera iritsi zenean, Saulo ikasleekin elkartu nahirik zebilen, baina beldur zioten denek, ez baitzuten sinesten benetako ikasle zenik.

27. Orduan, Bernabek Saulo berekin hartu eta apostoluei aurkeztu zien. Eta kontatu zien nola Damaskora bidean Saulok Jauna ikusi zuen, nola Jauna mintzatu zitzaion eta nolako ausardiaz hitz egin zuen Damaskon Jesusi buruz.

28. Ordutik, apostoluekin batera ibili ohi zen Saulo Jerusalemen, Jaunari buruz ausardiaz hitz eginez.

29. Greko-hizkuntzako juduekin ere hizketan eta eztabaidan jarduten zuen; baina haiek Saulo hiltzeko asmotan zebiltzan.

30. Senideek, horretaz jabetzean, Zesareara eraman zuten eta handik Tarsora bidali.

31. Bitarte hartan, Eliza bakean bizi zen Judea, Galilea eta Samaria guztian; Jaunarenganako leialtasunean bizi zen, eta finkatuz eta ugalduz zihoan, Espiritu Santuarengandiko adoreari esker.

32. Pedro harat-honat zebilen etengabe. Joan zen Lidako fededunak ikustera ere,

33. eta han Eneas zeritzan gizon bat aurkitu zuen, zortzi urte hartan ohatila batean etzana zegoena elbarri.

34. Pedrok esan zion: «Eneas, Jesu Kristok sendatzen zaitu. Jaiki eta bildu ohea». Bat-batean jaiki egin zen.

35. Lidako eta Saron lautadako guztiek ikusi zuten bera, eta Jaunarengana bihurtu ziren.

36. Bazen Jopen emakume fededun bat, Tabita izenekoa (grekoz «Dorkas» —hau da, «Basahuntza»—). On egitera eta behartsuei laguntzera emana bizi zen erabat.

37. Egun haietako batean, gaixotu egin zen eta hil; eta gorpua, garbitu ondoren, goiko gela batean ezarri zuten.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 9