Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 9:17-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Joan zen Ananias eta, etxean sarturik, eskuak ezarri zizkion Saulori, esanez: «Anaia Saulo, Jaunak, bidean zentozela agertu zitzaizun Jesusek, bidali nau, berriro ikus dezazun eta Espiritu Santuaz bete zaitezen».

18. Bat-batean, begietatik ezkata bezalako batzuk erori zitzaizkion eta ikusten hasi zen berriro; berehala, bataiatu egin zen.

19. Gero, jan eta indarrak berritu zitzaizkion.Saulo Damaskoko ikasleekin gelditu zen zenbait egunez;

20. gero, sinagogetan predikatzen hasi zen, Jesus Jainkoaren Semea dela hots eginez.

21. Entzuten zioten guztiak txunditurik gelditzen ziren eta zioten: «Ez al da, bada, hau Jerusalemen Jesus delako horri dei egiten diotenak halako amorruz pertsegitzen zituena? Eta ez al da etorri hona, hemengoak ere atxilotu eta apaizburuengana eramateko?»

22. Saulo, ordea, gero eta kementsuago agertzen zen eta nahasturik uzten zituen Damaskoko juduak, argi frogatzen baitzuen Jesus Mesias zela.

23. Handik denboraldi batera, juduek Saulo hiltzea erabaki zuten;

24. baina Saulok haien asmoen berri izan zuen. Eta, bera hiltzeko, juduek hiriko ateak gau eta egun zaindurik zeuzkaten arren,

25. bere ikasleek harresitik behera eraitsi zuten Saulo gauez saski batean.

26. Jerusalemera iritsi zenean, Saulo ikasleekin elkartu nahirik zebilen, baina beldur zioten denek, ez baitzuten sinesten benetako ikasle zenik.

27. Orduan, Bernabek Saulo berekin hartu eta apostoluei aurkeztu zien. Eta kontatu zien nola Damaskora bidean Saulok Jauna ikusi zuen, nola Jauna mintzatu zitzaion eta nolako ausardiaz hitz egin zuen Damaskon Jesusi buruz.

28. Ordutik, apostoluekin batera ibili ohi zen Saulo Jerusalemen, Jaunari buruz ausardiaz hitz eginez.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 9