Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 8:22-38 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

22. Damu hadi, bada, heure gaiztakeriaz, eta otoitz egiok Jaunari ea burutapen hori barkatzen dian.

23. Gutiziaz betea ikusten haut eta gaiztakeriari lotua.

24. Simonek erantzun zuen:—Otoitz egiozue Jaunari nire alde, zuek esandakorik gerta ez dakidan.

25. Jaunaren testigantza egin eta haren mezua adierazi ondoren, Pedro eta Joan Jerusalemera itzuli ziren, Samariako auzo askotan berri ona zabalduz.

26. Jaunaren aingeruak esan zion Feliperi: «Ea, abia zaitez hegoalderantz, Jerusalemdik Gazara jaisten den bidetik. Basamortuan zehar doa bidea».

27. Berehala abiatu zen Felipe. Eta han ikusi zuen etiopiar iren bat: Etiopiako Kandaze* edo erreginaren ministroa zen, haren ondasun guztien administratzailea. Jerusalemera etorria zen erromes

28. eta berriro etxera zihoan. Bere karrozan eserita, Isaias profetaren liburua irakurtzen ari zen.

29. Espirituak esan zion Feliperi: «Aurreratu eta jarri karroza horren ondoan».

30. Felipe lasterka hurbildu zitzaion eta, Isaias profeta irakurtzen entzunik, galdetu zion irenari:—Ulertzen al duzu irakurtzen ari zarena?

31. Hark erantzun:—Nola ulertuko dut, bada, inork ulerpiderik ematen ez badit?Eta igo eta bere ondoan jartzeko eskatu zion Feliperi.

32. Irakurtzen ziharduen pasartea honako hauxe zen: Hiltzera daramaten arkumeak bezala, moztaileen aurrean isilik dagoen ardiak bezala, ez zuen ahorik zabaldu.

33. Gizon ezereza zelako ez zioten justiziarik egin. Nork aipatuko du haren ondorengotza? Erauzi egin baitzuten haren bizia lurretik.

34. Galdetu zion irenak Feliperi:—Esadazu, mesedez: Nortaz dio hori profetak, bere buruaz ala beste norbaitez?

35. Felipek, orduan, pasarte honetatik abiaturik, Jesusen berri ona adierazi zion.

36. Zihoazela, ura zegoen toki batera iritsi ziren, eta irenak esan zuen: «Horra hor ura! Zer eragozpen da ni bataiatzeko?» (

37. ).

38. Karroza gelditzeko agindu zuen; Felipe eta irena, biak uretara jaitsi ziren eta Felipek bataiatu egin zuen.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 8