Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 8:1-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Saulo han zen, eta ontzat ematen zuen Estebanen hilketa.Egun hartan bertan, erasoaldi latza sortu zen Jerusalemgo eliz elkartearen aurka. Apostoluak ez beste guztiak Judean eta Samarian barrena sakabanatu ziren.

2. Gizon jainkozale batzuek Estebanen gorpuari lur eman zioten eta dolu handia egin zuten harengatik.

3. Saulo triskantza ikaragarria egiten ari zen eliz elkartean: etxeetan sartu, gizon-emakumeak atxilotu eta kartzelara eramaten zituen.

4. Sakabanatu zirenak herriz herri joan ziren, mezua hots eginez.

5. Hala, Felipe Samaria hirira jaitsi eta Mesiasen berri ematen hasi zen.

6. Felipek esaten zuena entzun eta egiten zituen mirariak ikustean, gogo batez lotzen zitzaion jendea haren predikuari;

7. izan ere, deabrudun askorengandik ateratzen ziren espiritu gaiztoak deiadarka eta elbarri eta herren asko sendatzen ziren.

8. Poz handia izan zen hiri hartan.

9. Bazen hirian Simon zeritzan gizon bat, aspalditik aztikeriara emana; Samariako jende guztia txunditurik zeukan, norbait apartekotzat agertzen baitzuen bere burua.

10. Denak, handi eta txiki, hari lotuak zeuden, hau ziotelarik: «Jainkoaren ahalmena dugu gizon hau, “Ahalmen Handi” deritzana».

11. Hari lotuak zeuden, bada, bere aztikeriaz txunditurik baitzeuzkan aspaldidanik.

12. Baina Felipek Jainkoaren erregetza eta Jesu Kristoren berri ona hots egitean, sinetsi egin zioten eta bataioa hartu denek, gizon eta emakume.

13. Simonek berak ere sinetsi egin zuen eta bataioa hartu, eta ez zen Feliperen ondotik aldentzen. Gertatzen ziren mirariak eta egintza ahaltsuak ikusirik, erabat txunditurik zegoen.

14. Jerusalemen zeuden apostoluek, Samariak Jainkoaren hitza onartu zuela jakitean, Pedro eta Joan bidali zituzten hara.

15. Iritsi zirenean, samariarren alde otoitz egin zuten, Espiritu Santua har zezaten.

16. Izan ere, artean haietako inorengana jaitsi gabe zegoen Espiritua; Jesus Jaunaren izenean bataiaturik bakarrik zeuden.

17. Beraz, Pedrok eta Joanek eskuak buruan ezarri zizkieten, eta Espiritu Santua hartu zuten.

18. Simonek, apostoluek jendeari eskuak ezartzean Espiritua etortzen zitzaiela ikusirik, dirua eskaini zien,

19. esanez:—Emadazue niri ere ahalmen hori, eskuak ezartzen dizkiedan guztiek Espiritu Santua har dezaten.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 8