Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 7:43-55 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

43. Ez! Molok-en oihal-etxola eta zeuen jainko Refanen izarra eraman zenituzten zeuekin, gurtzeko zeuek eginiko irudiak. Bada, Babiloniaz haraindi erbesteratuko zaituztet.

44. «Gure arbasoek bazuten basamortuan itun-agiriaren etxola, Jainkoak Moisesi agindu bezala egina, erakutsi zion ereduaren arabera, alegia.

45. Ondoren, gure arbasoek, aurrekoengandik etxola hura hartu eta kanaandarren lurraldera sartu zuten, Josueren gidaritzapean lurralde hartaz jabetu zirenean, Jainkoak haien aurretik kanaandarrak bota ondoren. Honela Daviden garaia arte.

46. David gogoko izan zitzaion Jainkoari, eta Jakoben Jainkoarentzat bizilekua egin ahal izatea eskatu zion Davidek Jainkoari.

47. Baina eraiki, Salomonek eraiki zion etxea,

48. nahiz eta Goi-goikoa giza eskuz eginiko etxetan bizi ez, profetak dioen bezala:

49. «Neure tronu dut zerua, neure oin-aulki lurra. Hala diot nik, Jaunak: Zer etxe egingo didazue, bada, edo zein toki nire atsedenerako?

50. Ez ote dira neuk eginak gauza guztiok?

51. «Burugogorrok, jentilak bezain bihotz- eta belarri-gogor zaretenok! Espiritu Santuari kontra egiten diozue beti. Zeuen arbasoen antzeko zuek ere!

52. Zein profeta ez zuten zuen arbasoek pertsegitu? Haiek Zintzoaren etorrera aurrez iragartzen zutenak hil zituzten; zuek, berriz, Zintzoa bera saldu duzue eta hil,

53. zuek, aingeruen eskutik legea hartu bai, baina bete ez duzuenok».

54. Estebanen hitzaldia entzutean, barrua sutan zuten eta hortzak karraska, haren aurka amorruz.

55. Baina hark, Espiritu Santuaz beterik, zerura begiratu eta Jainkoaren aintza ikusi zuen, eta Jesus zutik Jainkoaren eskuinaldean.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 7