Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 5:16-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Jerusalem inguruko herrietatik ere jende-talde handiak etorri ohi ziren gaixoak eta espiritu gaiztoen menpe zeudenak berekin ekarriz, eta denak sendatzen ziren.

17. Apaiz nagusiak eta honen alderdiko guztiek —saduzearrek, alegia—, haserre bizian,

18. apostoluak atxilotu eta herriko kartzelan sarrarazi zituzten.

19. Baina gauez Jaunaren aingeruak ateak zabaldu eta kanpora atera zituen, esanez:

20. «Zoazte tenplura, eta azaldu herriari biziera honi dagokion guztia».

21. Esan zitzaien bezala, egunsentian tenplura joan eta irakasten hasi ziren.Bitartean, apaiz nagusiak eta honen alderdikoek israeldar buruzagien Biltzar Nagusia bilarazi zuten eta apostoluak kartzelatik ekartzeko agindu.

22. Baina guardiek, joan zirenean, ez zituzten aurkitu, eta berri ematera itzuli ziren:

23. «Kartzela arreta guztiaz itxia aurkitu dugu eta zaintzaileak ateetan erne, baina irekitzean barruan ez dugu inor aurkitu».

24. Berria entzunik, tenpluko guardiaburua eta apaizburuak zer gertatu ote zen asmatu ezinik zebiltzan.

25. Hartan, norbait etorri zen albiste honekin: «Kartzelan sartu zenituzten gizonak tenpluan daude eta herriari irakasten dihardute».

26. Joan zen, orduan, guardiaburua bere mutilekin eta ekarri egin zituen, baina indarrik erabili gabe, herriak harrika emango ote zien beldur baitziren.

27. Biltzar Nagusiaren aurrera eraman zituzten eta apaiz nagusiak esan zien:

28. —Ez al genizuen zorrotz agindu Jesusen izenean ez irakasteko? Zuek, ordea, Jerusalem osoa bete duzue zeuen irakaspenez; gainera, gizon horren heriotzaren erantzukizuna leporatu nahi diguzue.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 5