Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 28:13-20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Handik, kostarik kosta Regiora heldu ginen. Biharamunean hego-haizeak jo zuen eta bi egunetan Potzuolira iritsi ginen.

14. Han senideak aurkitu genituen eta, haien erreguei men eginik, astebete egin genuen beraiekin. Ondoren, Erromara heldu ginen.

15. Hango senideak, bai baitzuten gure berri, bidera atera zitzaizkigun Foro Apio eta Hiru Bentara. Haiek ikustean, Jainkoari eskerrak eman zizkion Paulok, eta gogoa bizkortu zitzaion.

16. Erroman sartu ginenean, Paulori bere etxean bizitzeko baimena eman zioten, soldadu bat zaintzaile zuela.

17. Handik hiru egunera, Paulok judu buruzagiei dei egin zien eta, bildu zirenean, honela mintzatu zitzaien:—Senideok, ni, herriaren aurka edo geure arbasoen usadioen aurka deus ere egin gabe, preso egin eta erromatarren eskuetara eman ninduten Jerusalemen.

18. Haiek, galdeketa egin ondoren, askatu egin nahi izan ninduten, ez baitzidaten heriotza merezi zuenik ezer aurkitu.

19. Baina juduak hain gogor kontra zeudenez, enperadoreagana jo behar izan nuen, baina neure herria salatzeko batere asmorik gabe.

20. Horra zergatik nahi izan dudan zuek ikusi eta zuekin mintzatu; izan ere, Israelen itxaropenagatik naukate lotua kate hauek.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 28