Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 26:8-24 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Zer, bada? Jainkoak hildakoak piztea sinestezina iruditzen al zaizue?

9. «Egia da, nik ere Nazareteko Jesusi borroka egin behar niola uste izan nuen, horretarako bide guztiak erabiliz.

10. Eta hala egin nuen Jerusalemen: apaizburuengandik harturiko baimenaz, fededun asko sartu nuen kartzelan eta ontzat eman ohi nuen haien hilketa.

11. Etengabe sinagogaz sinagoga ibiliz, gogor zigortzen nituen, beren fedea ukarazteko. Eta, amorruaren amorruz, atzerriko hirietan ere pertsegitu ohi nituen.

12. «Hala, banindoan behin Damaskora, apaizburuen baimenez eta mandatuz.

13. Eta bidean, errege jauna, eguerdi aldera, eguzkia baino distiratsuago zen zerutiko argi bat ikusi nuen, eta bere distiraz inguratu gintuen ni eta neure bidelagunak.

14. Denok lurrera erori ginen, eta mintzo bat entzun nuen niri hebreeraz esaten: “Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu? Zeuretzat okerrago eztenari ostikoka egiten badiozu!”

15. “Nor zaitut, Jauna?” galdetu nion nik. Eta Jaunak erantzun: “Jesus naiz, zuk pertsegitzen duzuna.

16. Baina altxa zaitez eta jarri tente! Honetarako agertu natzaizu: orain ikusi duzunaren eta aurrera agertuko dizudanaren zerbitzari eta lekuko bihurtzeko.

17. Nik askatuko zaitut zeure herriaren eskutik eta jentilen eskutik, hauen artera bidaliko baitzaitut,

18. begiak ireki diezazkiezun eta ilunpetatik argitara eta Satanasen menpetik Jainkoarengana bihur daitezen; horrela, niregan sinetsiz, bekatuen barkamena izan eta sagaratuei dagokien ondarea eskura dezaten”.

19. «Nik, Agripa erregea, ez nion zeruko ikuskariari ez entzunarena egin.

20. Aitzitik, Damaskokoei lehenbizi, Jerusalem eta Judea osokoei gero, eta jentilei ondoren, bihozberri daitezela hots egin diet eta Jainkoarengana itzul daitezela, bihozberritzeari dagokion eran biziz.

21. Honengatik atzeman ninduten juduek tenpluan, eta hil egin nahi izan ninduten.

22. Baina Jainkoaren laguntzari esker, handi eta txikien aurrean testigantza egiten jarraitu dut gaurdaino; nik ez dut profetek eta Moisesek aurrez iragarria besterik esaten, hau da,

23. Mesiasek sufritu egin behar zuela; baina, hildakoen artetik aurrena piztuz, salbamenaren argia ekarriko ziela bere herriari eta jentilei».

24. Paulo bere buruaren defentsan honela ari zela, Festok goraki esan zuen:—Burutik hago hi, Paulo! Gehiegi ikasteak burua nahastu dik.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 26