Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 21:26-40 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

26. Hartu zituen, bada, Paulok gizon haiek berekin, eta hurrengo egunean, beraiekin batera garbikuntza eginik, tenplura joan zen, garbikuntza-egunak noiz bukatzen ziren eta haietako bakoitzarengatik opariak noiz eskainiko ziren jakinaraztera.

27. Zazpi egunak betetzeko zeudela, Asia probintziako juduek, Paulo tenpluan ikusirik, jende guztia asaldatu zuten eta Paulori eskua erantsi,

28. oihuka esanez: «Lagundu, israeldarrok! Hauxe da bazter guztietan gure herriaren, legearen eta tenplu honen kontra denei irakasten ari zaien gizona. Horrez gainera, greziar batzuk sartu ditu tenpluan, toki santu hau kutsatuz».

29. Izan ere, Efesoko Trofimo Paulorekin ikusia zuten aurretik hirian eta Paulok tenpluan sartu zuela uste zuten.

30. Hiri osoa asaldatu zen, eta jendea pilaka bildu. Paulori heldurik, tenplutik arrastaka atera zuten, eta berehala ateak itxi zituzten.

31. Haiek Paulo hil beharrean zerabilten bitartean, Jerusalem osoa nahaspilatua zegoela salatu zioten gudalburuari.

32. Hau, berehala soldadu eta ehuntariak bildurik, lasterka joan zen; gudalburua eta soldaduak ikustean, juduek utzi egin zioten Paulo jotzeari.

33. Gudalburuak, hurbildurik, preso hartu zuen Paulo eta bi katez lotzeko agindu. Gero, ea nor zen eta zer egin zuen galdetu zuen;

34. baina jendeak nork berea zioen oihuka. Eta iskanbila hartan ezin baitzuen gudalburuak ezer garbirik atera, kuartelera eramateko agindu zuen.

35. Harmailetara iritsi zirenean, soldaduek airean eraman behar izan zuten Paulo jendearen erasoagatik,

36. herri guztia baitzetorren atzetik, «Hil hori!» oihuka.

37. Kuartelera sartzera zihoazela, Paulok esan zion gudalburuari:—Mesedez, bi hitz esan nahi nizkizuke.Gudalburuak erantzun zion:—Grekoz ere ba al dakizu?

38. Beraz, ez zara zu oraindik orain matxinatu eta lau mila gerrillarirekin basamortura jo zuen egiptoarra.

39. Paulok erantzun zuen:—Ni? Ni judua naiz, Ziliziako Tarsokoa, nahiko entzuna den hiri batekoa. Uztazu, otoi, herriari hitz egiten.

40. Baimena eman zion, eta Paulok, harmailetan zutik, herriari isiltzeko keinu egin zion eskuaz. Denak isil-isilik gelditu ziren, eta Paulo honela mintzatu zitzaien hebreeraz:

Irakurri kapitulu osoa Eginak 21