Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 21:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Haiengandik aldendurik, ontzia hartu eta Koseraino joan ginen zuzenean; biharamunean, berriz, Rodasera, eta handik Patarara.

2. Hemen Feniziara zihoan ontzi bat aurkitu genuelarik, bertara igo eta abiatu egin ginen.

3. Zipre begiztatu eta ezkerretara utzirik, Siriarantz jarraitu genuen eta Tirora iritsi, han hustu behar baitzuen ontziak bere karga.

4. Hango ikasleen bila joan ginen eta astebetez beraiekin gelditu; Jerusalemera ez igotzeko esan zioten haiek Paulori Espirituaren eraginez.

5. Baina, astea igaro ondoren, geure bidaiari jarraitu genion. Hiritik kanporaino lagundu ziguten haiek denek, beren emazte eta haurrekin. Hondartzan otoitz egin genuen belauniko;

6. gero, elkarri agur egin ondoren, ontzira igo ginen, eta haiek etxera itzuli.

7. Gu Tirotik Ptolemaidara joan ginen, hala geure itsasbidea bukatuz. Han senideak agurtu genituen eta egun osoa eman genuen beraiekin.

8. Biharamunean atera eta Zesareara heldu ginen. Han, apostoluen zazpi laguntzaileetako bat zen Felipe misiolariaren etxera joan ginen, eta bertan gelditu.

9. Hark profezi dohaina zuten lau alaba ezkongabe zituen.

10. Han zenbait egun generamala, Agabo izeneko profeta bat iritsi zen Judeatik.

11. Gu ikustera etorri zen eta, Pauloren gerrikoa harturik, harekin bere esku-oinak lotu eta esan zuen: «Hona zer dioen Espiritu Santuak: Honelaxe lotuko dute juduek Jerusalemen gerriko honen jabea, eta jentilen eskuetara emango dute».

12. Hori entzutean, Jerusalemera ez igotzeko erregutzen genion Paulori, bai guk eta bai bertakoek.

13. Baina Paulok erantzun zigun: «Zer dela-eta ari zarete negarrez? Bihozgabetu egin nahi al nauzue? Prest nago, lotua izateko ez ezik, Jerusalemen hiltzeko ere, Jesus Jaunarengatik».

Irakurri kapitulu osoa Eginak 21