Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 2:15-31 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

15. Hauek ez daude edanda, zuek uste bezala, goizeko bederatziak besterik ez baitira oraindik.

16. Ez, baizik eta Joel profetak esan zuena ari da hemen gertatzen:

17. «Hau dio Jainkoak: Azken egunetan neure espiritua isuriko diet gizaki guztiei. Zuen seme-alabek profetizatu egingo dute, zuen gazteek ikuskariak izango, zuen zaharrek ametsak egingo.

18. Neure morroi eta mirabeei ere neure espiritua isuriko diet egun haietaneta profetizatu egingo dute.

19. Gauza harrigarriak egingo ditut goian, zeruan, eta mirariak behean, lurrean: odola eta sua eta ke-lainoa.

20. Eguzkia ilunpe bihurtuko da, ilargiak odol-itxura hartuko du, Jaunaren eguna, egun handi eta ospetsua, iritsi baino lehen.

21. Orduan, Jaunari dei egin diezaiona salbatuko da.

22. «Entzun hau, israeldarrok: Guztiok dakizuenez, Jainkoak Jesus Nazaretarra zuen aurrean sinesgarri egin zuen, mirariak eta egintza ahaltsu eta harrigarriak haren eskuz eginez.

23. Jainkoak zuen eskuetara eman zuen, bere asmoaren eta aurrez hartutako erabakiaren arabera, eta zuek gurutzean josi eta hil egin zenuten sinesgabeen eskuz.

24. Baina Jainkoak piztu egin zuen, Herioaren lokarrietatik askatuz, Herioak ezin baitzuen hura bere menpe eduki.

25. Izan ere, honela dio Davidek hartaz: «Begi aurrean dut Jauna etengabe; bera ondoan dudala, ez naiteke koloka.

26. Horregatik, alai daukat bihotza, pozez kantari mihia, itxaropenean lasai gorputza.

27. Ez bainauzu Herio Leizera botako, zure fededuna ez duzu hilobian galtzen utziko.

28. Bizirako bidea erakutsiko didazu: zeure aurrean alaitasunez beteko.

29. «Senideok, uztazue argi eta garbi esaten David gure arbasoa hil egin zela eta lur eman ziotela, eta hor dugu gaur ere haren hilobia.

30. Baina profeta zen eta bazekien hark Jainkoak zin eginez hitzeman ziona: beraren odoleko bat ezarriko zuela bere tronuan.

31. Beraz, aurrez ikusi zuen Mesias piztuko zela, eta honetaz mintzo zen hau esatean: ez zuela Jainkoak Herio Leizera botako eta ez zela haren gorputza hilobian galduko.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 2