Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 2:1-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Mendekoste-eguna iritsi zenean, toki berean bildurik zeuden guztiak.

2. Bat-batean, haize-boladarena bezalako burrunba etorri zen zerutik eta beraiek zeuden etxe guztian durundi egin zuen.

3. Orduan, suzko mihiak bezalako batzuk ikusi zituzten, bakoitzaren gainean bana kokatzen.

4. Denak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Espirituak eragiten zion eran.

5. Egun haietan judu jainkozale asko ziren Jerusalemen, eguzkiaren azpian diren nazio guztietatik etorriak.

6. Burrunba hura entzutean, hara bildu zen jendea samaldan, eta txunditurik gelditu ziren, nork bere hizkuntzan hitz egiten entzuten baitzien.

7. Zur eta lur, honela zioten: «Mintzo direnok, ez ote dira denak galilearrak?

8. Nola daiteke, bada, guretako bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan horiei entzutea?

9. Baditugu gurekin partiar, mediar nahiz elamdarrak; baita Mesopotamian, Judean nahiz Kapadozian, Ponton nahiz Asian bizi direnak ere;

10. badira gure artean Frigia nahiz Panfiliakoak, Egipto nahiz Zirene inguruko Libia aldekoak, baita erromatarrak ere;

11. eta denok, judu eta juduberri , kretar eta arabiar, Jainkoaren egintza miragarriak geure hizkuntzetan aipatzen entzuten diegu».

12. Harriturik eta zer pentsa ez zekitela, «Zer da hau?» galdezka ari ziren elkarren artean.

13. Beste batzuek, aldiz, honela zioten isekaz: «Edanak daude».

14. Orduan, Pedrok, hamaika apostoluen artean zutik, honela hitz egin zien: «Juduok eta Jerusalemen zaudeten guztiok: entzun arretaz nire hitzak, otoi, hemen gertatzen denaz ongi jabe zaitezten.

15. Hauek ez daude edanda, zuek uste bezala, goizeko bederatziak besterik ez baitira oraindik.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 2