Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 19:6-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Paulok eskuak ezarri zizkienean, Espiritu Santua etorri zitzaien gainera, eta hizketa arrotzez mintzatzen eta profeta gisa hitz egiten hasi ziren.

7. Hamabiren bat lagun ziren.

8. Hiru hilabetetan zehar, sinagogara joan zen Paulo eta Jainkoaren erregetzaz ausarki hitz egin zuen, entzuleei sinestarazten saiatuz.

9. Baina batzuek beren burugogorkeriagatik ez baitzuten sinetsi nahi eta batzarraren aurrean kristau-bideaz gaizki-esaka ari baitziren, Paulok haiengandik alde egin eta ikasleekin talde berezia egin zuen. Egunero irakasten zuen Tirano zelako baten eskolan.

10. Bi urte egin zituen horrela, eta Asia probintziako guztiek, judu nahiz jentil, entzun ahal izan zuten Jaunaren mezua.

11. Mirari handiak egiten zituen Jainkoak Pauloren eskuz:

12. aski zen hark soinean eramandako musuzapi edo beste jantziren bat gaixoei ezartzea, haiengandik gaitzak uxatzeko eta espiritu gaiztoak botatzeko.

13. Harat-honat zebiltzan judu exortzista batzuk ere Jesus Jaunaren izenaz baliatzen hasi ziren, espiritu gaiztoak botatzeko. Honela esaten zieten: «Paulok hots egiten duen Jesusen izenean, irteteko agintzen dizuet!»

14. Apaizburu zen Eskeba izeneko judu baten zazpi seme zebiltzan horretan.

15. Baina espiritu gaiztoak erantzun zien: «Ezagutzen dut Jesus eta badakit Paulo nor den. Baina nor zarete zuek?»

16. Bat-batean, espiritu gaiztodun gizonak gainera oldartu eta menpean hartu zituen denak, eta hain gogor eraso zien, ezen larrugorrian eta zauriturik ihes egin behar izan baitzuten etxe hartatik.

17. Efesoko bizilagun guztiek, judu eta greziar, izan zuten gertakari honen berri. Beldurrak harturik gelditu ziren denak eta Jesus Jaunaren izena handiesten zuten.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 19