Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 17:17-31 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Beraz, juduei eta Israelen Jainkoa gurtzen zuten jentilei sinagogan hitz egiten zien, eta egunero jardun ohi zuen plaza nagusian, bertan gertatzen zirenekin eztabaidan.

18. Zenbait filosofo epikureo eta estoikok ere jardun ohi zuen harekin eztabaidan. Batzuek zioten: «Zer ote dio berritsu honek?» Beste batzuek, berriz: «Jainko arrotzen predikari dirudi».Izan ere, Jesusen eta piztueraren berri ematen zien Paulok.

19. Hartu zuten, bada, berekin eta, Areopagora eramanik, honela galdetu zioten: «Jakin al daiteke zer den irakasten duzun doktrina berri hori?

20. Guztiz ideia bitxiak dakarzkiguzu belarrietara, eta zer esan nahi duten jakin nahi genuke».

21. (Izan ere, atenastar guztiek eta han bizi ziren kanpotarrek azken berrikeriak entzun eta kontatuz eman ohi zuten beren denbora guztia).

22. Paulo honela mintzatu zen, Areopago erdian zutik: «Atenastarrok, edonola ere, guztiz erlijiozale zaretela ikusten dut.

23. Hortik zehar zuen jainko-oroitarriei begira nenbilela, aldare bat aurkitu dut idazkun honekin: “Jainko ezezagunari”. Horra, bada: zuek ezagutu gabe gurtzen duzuena, horixe iragartzen dizuet nik.

24. Mundua eta munduko guztia egin duen Jainkoa zeru-lurren Jauna da eta ez da giza eskuz egindako tenpluetan bizi;

25. ez dute giza eskuek zerbitzatzen ere, ez baitu ezeren beharrik, bera baita denei bizia eta arnasa eta gainerako guztia ematen dizkiena.

26. «Gizon bakar batengandik sorrarazi zituen Jainkoak nazio guztiak, lur zabal osoan bizi zitezen, bakoitzari bere garai eta lur-mugak ezarriz.

27. Eta hau guztia, Jainkoa bila zezaten, ea itsumustuka bederen aurkitzen zuten; izan ere, ez dago guretako bakoitzarengandik urruti,

28. zeren harengan bizi baikara eta harengan mugitzen, eta izan ere harengan baikara; hori bera esan dute zuen olerkari batzuek ere: “Haren jatorrikoak gara”.

29. Beraz, Jainkoaren jatorrikoak bagara, ez genezake pentsa Jainkoa giza trebetasunak eta irudimenak landutako urre, zilar edo harrizko irudien antzeko denik.

30. Baina Jainkoak ez du kontuan hartu nahi izan gizakien iraganaldia, ezjakinean bizi izan zireneko garaia, eta bihozberritzeko agintzen die orain guztiei edonon.

31. Erabakia baitu mundua justiziaz epaituko duen eguna, eta horretarako ezarri duen gizonaren bidez epaituko ere, berau hildakoen artetik piztuz denei ziur erakutsi dien bezala».

Irakurri kapitulu osoa Eginak 17