Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 17:13-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Baina Tesalonikako juduak, Paulok Berean ere Jainkoaren hitza iragartzen ziharduela jakitean, hara joan ziren, hango jendea ere asaldatu eta nahastera.

14. Horregatik, senideek itsasaldera aterarazi zuten Paulo berehala; Timoteo eta Silas Berean gelditu ziren.

15. Paulori laguntzera joan zirenek Atenaseraino eraman zuten eta, itzultzean, Timoteo eta Silasentzat mandatu hau ekarri zuten: ahalik lasterren bil zitezela Paulorekin.

16. Atenasen Timoteo eta Silasen zain zegoela, Paulori barrua sumintzen zion hiria idoloz betea ikusteak.

17. Beraz, juduei eta Israelen Jainkoa gurtzen zuten jentilei sinagogan hitz egiten zien, eta egunero jardun ohi zuen plaza nagusian, bertan gertatzen zirenekin eztabaidan.

18. Zenbait filosofo epikureo eta estoikok ere jardun ohi zuen harekin eztabaidan. Batzuek zioten: «Zer ote dio berritsu honek?» Beste batzuek, berriz: «Jainko arrotzen predikari dirudi».Izan ere, Jesusen eta piztueraren berri ematen zien Paulok.

19. Hartu zuten, bada, berekin eta, Areopagora eramanik, honela galdetu zioten: «Jakin al daiteke zer den irakasten duzun doktrina berri hori?

20. Guztiz ideia bitxiak dakarzkiguzu belarrietara, eta zer esan nahi duten jakin nahi genuke».

21. (Izan ere, atenastar guztiek eta han bizi ziren kanpotarrek azken berrikeriak entzun eta kontatuz eman ohi zuten beren denbora guztia).

22. Paulo honela mintzatu zen, Areopago erdian zutik: «Atenastarrok, edonola ere, guztiz erlijiozale zaretela ikusten dut.

23. Hortik zehar zuen jainko-oroitarriei begira nenbilela, aldare bat aurkitu dut idazkun honekin: “Jainko ezezagunari”. Horra, bada: zuek ezagutu gabe gurtzen duzuena, horixe iragartzen dizuet nik.

24. Mundua eta munduko guztia egin duen Jainkoa zeru-lurren Jauna da eta ez da giza eskuz egindako tenpluetan bizi;

25. ez dute giza eskuek zerbitzatzen ere, ez baitu ezeren beharrik, bera baita denei bizia eta arnasa eta gainerako guztia ematen dizkiena.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 17