Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 15:13-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Bukatu zutenean, Santiagok hitza hartu eta esan zuen: «Entzun, anaiok:

14. Simonek azaldu digu, nola hasiera-hasieratik Jainkoak jentilen artetik beretzat herri bat aukeratu nahi izan duen.

15. Hau bat dator profeten esanekin, Liburu Santuak dioen bezala:

16. «Ondoren, itzuli egingo naiz eta Daviden etxola eroria berreraikiko dut; horma hondatuak berreraikiko dizkiot, eta zutik jarriko dut berriro;

17. gainerako gizakiek Jauna bila dezaten, nireak diren nazio guztiek. Hala diot nik, Jaunak, hori guztia

18. antzinatik jakinarazi duenak.

19. «Beraz, ene iritziz, ez zaie alferreko oztoporik ezarri behar Jainkoarengana bihurtzen diren jentilei.

20. Aski dugu hauxe eskatuz idaztea: ez dezatela jan sasijainkoei eskainitako haragirik, utz ditzatela legearen kontrako sexu-harremanak eta ez dezatela jan odolustu gabeko abererik, ezta odolik ere.

21. Izan ere, juduek aspalditik irakurtzen eta azaltzen dute Moisesen legea larunbatero herri guztietako sinagogetan».

22. Orduan, apostoluek eta arduradunek, eliz elkarte osoarekin bat, beren arteko batzuk hautatu eta Paulo eta Bernaberekin Antiokiara bidaltzea erabaki zuten. Judas Barsaba eta Silas hautatu zituzten, senideen artean itzal handiko gizonak biak,

23. eta gutun hau eman zieten eramateko:«Anaia apostoluek eta arduradunek Antiokiako, Siriako eta Ziliziako jentil-herrietako senideoi, agur!

24. «Gutakoren batzuek, guk agindu gabe, beren esanez kezkatu eta nahastu zaituztela jakin dugu.

25. Horregatik, ordezkari batzuk hautatzea erabaki dugu aho batez, eta zuengana bidaltzea Bernabe eta Paulo geure senide maiteekin,

26. beren bizitzak Jesu Kristo gure Jaunaren zerbitzuan eman dituzten horiekin.

27. Hor bidaltzen dizkizuegu, bada, Judas eta Silas, gauza bera ahoz jakinaraz diezazueten.

28. Hau da Espiritu Santuak eta guk erabaki duguna: zuei zamarik ez ezartzea, behar-beharrezko diren hauek izan ezik:

29. ez dezazuela jan sasijainkoei eskainitako haragirik, ezta odolik nahiz odolustu gabeko abererik ere, eta utz ditzazuela legearen kontrako sexu-harremanak. Ongi egingo duzue horrelakoetatik alde egiten baduzue. Ondo izan!»

30. Bidaliak, beraz, Antiokiara jaitsi ziren eta, biltzarra bildurik, gutuna eman zieten.

31. Hau irakurtzean, poz-pozik gelditu ziren hitz adoregarri haiekin.

32. Judas eta Silasek, profeta baitziren, luze eta zabal hitz egin zuten senideekin, hauek adoretuz eta gogoberotuz.

33. Denboraldi bat egin zuten han, eta bidali zituztenengana itzuli ziren senideen bake-agurrarekin. (

Irakurri kapitulu osoa Eginak 15