Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 14:14-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

14. Ohartu zirenean, Bernabe eta Paulo apostoluak beren soingainekoak urratu eta jendartera oldartu ziren, deiadarka:

15. «Zer ari zarete? Gu ere gizakiak gara zuek bezalaxe, eta berri on hau adierazten dizuegu, hain zuzen: utz ditzazuela idolo hutsalak eta bihur zaiteztela Jainko biziarengana, zeru-lurrak eta itsasoa eta horietan dagoen guztia egin zituenagana.

16. Joandako gizaldietan Jainkoak herri bakoitzari bere bidetik joaten utzi dio,

17. baina ez bere burua ezagutzera eman gabe, egin dituen mesedeen bidez: euria eta urtaro aberatsak bidali dizkizue zerutik, eta janariz ase eta pozez bete zaituzte».

18. Hitz hauekin, nekez bada ere, kendu zioten jendeari oparia eskaintzeko asmoa.

19. Orduan, Antiokiatik eta Ikoniotik judu batzuk etorri ziren eta, jendea beren iritzira bildurik, Paulori harrika eman zioten, eta hiritik kanpora atera zuten arrastaka, hilda zegoelakoan.

20. Baina, ikasleak ondora bildu zitzaizkionean, Paulo jaiki eta berriro hirian sartu zen. Biharamunean, Derberantz atera zen Bernaberekin.

21. Hiri hartan berri ona zabaldu eta ikasle asko egin ondoren, Listrara, Ikoniora eta Antiokiara itzuli ziren.

22. Ikasleen gogoak bizkortzen zituzten bidenabar, fedean sendo irauteko adore emanez. «Larrialdi asko eraman behar dugu —esaten zieten— Jainkoaren erreinuan sartzeko».

23. Eliz elkarte bakoitzean arduradunak izendatu zituzten eta, otoitz eta barau egin ondoren, Jaunari gomendatu zizkioten, harengan sinetsi baitzuten.

24. Ondoren, Pisidian barrena, Panfiliara iritsi ziren.

25. Eta, Pergen mezua predikatu ondoren, Ataliara jaitsi ziren.

26. Han ontzia hartu zuten Antiokiarako, handik izan baitziren bidaliak burutu berria zuten egitekorako, Jainkoaren onginahiari gomendatuak izan ondoren.

27. Antiokiara iritsi zirenean, eliz elkartea bildu zuten eta Jainkoak beraien bidez egindako guztia azaldu zieten, baita jentilei federako atea nola ireki zien ere.

28. Paulo eta Bernabe bertan gelditu ziren denboraldi batean ikasleekin.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 14