Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 12:5-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. Pedro kartzelan zaindua zeukaten bitartean, eliz elkartea Jainkoari otoitzean ari zitzaion kartsuki haren alde.

6. Herodesek hura atera behar zuen aurreko gauean, Pedro lo zegoen bi soldaduren artean, bi katez loturik, eta guardiak atean kartzela zaintzen.

7. Bat-batean, Jaunaren aingerua agertu eta gela guztia argiz bete zen. Aingeruak, saihetsean ukituz, Pedro esnarazi eta esan zion: «Jaiki, bizkor!» Bat-batean, kateak eskuetatik erori zitzaizkion.

8. Gero, aingeruak esan zion: «Lotu gerrikoa eta jantzi oinetakoak». Hala egin zuen, eta aingeruak, berriro: «Jantzi soingainekoa eta jarraitu niri».

9. Pedro haren ondoren atera zen; ez zekien aingeruaren bitartez gertatzen ari zena egia zen ala ez; ametsa zirudion.

10. Lehenengo eta bigarren zaintzaile-taldeen ondotik igarota, kalera zeraman burdinazko ateraino iritsi ziren. Atea berez zabaldu eta kanpora irten ziren. Kale bat igaro ondoren, aingeruak bakarrik utzi zuen Pedro.

11. Gertatuaz jabeturik, Pedrok esan zuen: «Orain bai dakidala Jaunak bere aingerua bidali duela, ni Herodesen eskuetatik eta judu-herriak niretzat zituen asmoetatik askatzera».

12. Bere egoeraz oharturik, Markos izeneko Joanen ama Mariaren etxera joan zen; lagun asko zegoen han bildua otoitzean.

13. Jo zuen kanpoko atea, eta Arrosa izeneko neskatxa atera zen nor ote zen ikustera;

14. Pedroren ahotsa ezagutzean, pozaren pozez, atea irekitzea ahaztuta, barrura joan zen lasterka, Pedro atean zegoela iragartzera.

15. «Burutik zaude zu!», esan zioten. Baina hark baietz, egia zela. Orduan, esan zuten: «Haren aingerua izango da».

16. Bitartean, Pedrok ate-joka ziharduen. Ireki eta ikusi zutenean, zur eta lur gelditu ziren.

17. Hark isiltzeko keinu egin zien eskuaz, eta Jaunak kartzelatik nola atera zuen kontatu zien. Azkenean, esan zien: «Jakinarazi hau Santiagori eta beste senideei». Ondoren, atera eta beste toki batera joan zen.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 12