Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 10:30-42 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

30. Korneliok erantzun zion: «Duela lau egun, ordu honetantxe, arratsaldeko hiruretan, otoitzean ari nintzen etxean. Bat-batean, gizon bat agertu zitzaidan aurrean, jantzi distiratsuz,

31. eta esan zidan: “Kornelio, entzun du Jainkoak zure otoitza eta gogora ekarri zure limosnak.

32. Bidal ezazu, bada, norbait Jopera, Simoni, Pedro ere deituari, etortzeko esatera. Simon larruginaren etxean dago ostatuz, itsasertzean”.

33. Berehala bidali nizun mandatua, eta zuk etortzeko borondatea izan duzu. Hemen gaituzu, bada, orain guztiok Jainkoaren aurrean; prest gaude Jaunak guri esateko agindu dizun guztia entzuteko».

34. Orduan, honela mintzatu zen Pedro: «Orain jabetzen naiz benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten,

35. baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko, herri batekoa nahiz bestekoa izan.

36. Hark bere mezua bidali die israeldarrei, guztien Jauna den Jesu Kristoren bidez bakearen berri ona iragarriz.

37. Badakizue, Galilean hasi eta Judea osoan, Joanek predikatu eta bataiatu ondoren, gertatu zena,

38. Nazareteko Jesusena, alegia: Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen.

39. Eta gu gara hark juduen lurralde osoan eta Jerusalemen egindako guztien lekuko. Jesus hau egur batetik zintzilik hil zuten;

40. baina Jainkoak piztu egin zuen hirugarren egunean eta agertzeko ahalmena eman zion,

41. ez herriko guztiei, Jainkoak aurrez testigutzat aukeratutakoei baizik, guri alegia, hura hildakoen artetik piztu ondoren berarekin jan eta edan dugunoi.

42. Jesusek berak agindu zigun herriari predikatzeko, bera dela Jainkoak bizien eta hildakoen epaile ezarri duena aitortuz.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 10