Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 10:11-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. zerua zabalik ikusi zuen eta oihal handi baten antzeko zerbait, lau puntetatik zintzilik, lurreraino jaisten.

12. Mota guztietako lauoineko, narrasti eta hegaztiak zituen barruan.

13. Eta mintzo batek esan zion:—Ea, Pedro! Hil eta jan.

14. Pedrok erantzun zuen:—Inola ere ez, Jauna! Ez dut egundaino ezer lohirik edo kutsaturik jan.

15. Eta mintzoak bigarrenez esan zion:—Jainkoak garbi egin duena, zuk ez esan kutsatua denik.

16. Hiru bider gertatu zen hori, eta ondoren zerura jaso zuten gauza hura.

17. Pedro ikuskari hark zer esan nahi ote zuen asmatu ezinik zegoen. Hartan, Simonen etxeaz galdezka ibili ondoren, atarian agertu ziren Korneliok bidalitako gizonak,

18. eta, dei eginik, Simon, Pedro ere deitua, ostatuz han ote zegoen galdetu zuten.

19. Pedro oraindik bere ikuskariaz gogoetan ari zen. Eta Espirituak esan zion: «Hor dituzu hiru gizonezko zeure bila.

20. Jaitsi berehala eta zoaz beroriekin kezkarik gabe, neuk bidali dizkizut eta».

21. Jaitsi zen Pedro haiengana, eta esan zien:—Neu naiz bilatzen duzuena. Zerk ekarri zaituzte hona?

22. Haiek erantzun zioten:—Kornelio ehuntariaren partetik gatoz. Gizon zuzena da eta Israelen Jainkoa gurtzen duena, eta judu guztien artean izen onekoa. Jaunaren aingeruak agindu dio, zu bere etxera eramateko eta zure hitzak entzuteko.

23. Orduan, etxean sartu eta ostatu eman zien Pedrok.Biharamunean, beraiekin abiatu zen, Jopeko zenbait senide lagun harturik.

24. Hurrengo egunean Zesareara iritsi ziren. Kornelio zain zegoen, bere ahaideak eta adiskiderik minenak bildurik.

25. Pedro sartzera zihoala, Kornelio bidera atera zitzaion eta oinetara ahuspeztu.

26. Baina Pedrok zutiarazi egin zuen, esanez: «Altxa zaitez, gizaki hutsa naiz ni ere».

27. Ondoren, harekin hizketan etxean sartu zen Pedro; jende asko aurkitu zuen bildurik,

28. eta esan zien: «Dakizuen bezala, judu batek debekatua dauka atzerritarrekin inolako harremanik izatea nahiz haien etxean sartzea. Baina niri Jainkoak erakutsi dit ez dudala inor lohi edo kutsatutzat hartu behar.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 10