Itun Zaharra

Itun Berria

Efesoarrei 3:4-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Hori irakurriz, bada, ikus dezakezue nola ulertzen dudan nik Kristoren misterioa.

5. Misterio hau ez zitzaien iragandako gizaldiei jakinarazi; orain, ordea, Espirituaren bidez bere apostolu santuei eta profetei agertu die Jainkoak.

6. Eta hauxe da Jainkoaren asmo ezkutua: Kristo Jesusen bitartez eta berri onari esker, jentilok oinordekide izatea, Kristorekin gorputz bat bera osatzea eta agintzari beraren partaide izatea.

7. Berri on honen zerbitzari egin nau Jainkoak onginahi hutsez, bere ahalmen indartsuaz eman didan dohainez.

8. Neuri, fededun guztien artean txikiena naizen honi, dohain hau eman zait: Kristoren neurrigabeko aberastasuna jentilei hots egitea,

9. eta Jainkoarengan, gauza guztien egileagan, betidanik gordea zegoen asmo ezkutua nola ari den betetzen guztiei argi erakustea.

10. Horrela, agerian jartzen zaie orain, Elizaren bitartez, zeruetako aginte eta botereei Jainkoaren era guztietako jakinduria,

11. aurrez betidanik berak zuen eta Kristo Jesus gure Jaunarengan bete duen asmoaren jakinduria.

12. Kristori esker eta beronengan dugun sinesmenaren bitartez ausartzen gara konfiantza osoz Jainkoarengana hurbiltzera.

13. Ez galdu, bada, adorea zuengatik jasaten ditudan atsekabeak direla eta, hauexek baitituzue zeuen aintza.

14. Horregatik, belauniko jartzen naiz Aitaren aurrean,

15. bai zeruan eta bai lurrean familia ororen sorburu denaren aurrean,

16. eta hau eskatzen diot: bere aintzaren aberastasunari dagokionez, sendo zaitzatela Espirituaren indarrez, barrutik hazi zaitezten;

17. bizi dadila Kristo zuen bihotzetan sinesmenaren bidez eta izan dadila maitasuna zuen bizitzaren erro eta oinarri.

18. Horrela ulertu ahal izango duzue, fededun guztiekin batera, zein zabal eta luze, garai eta sakon den Kristoren maitasuna;

Irakurri kapitulu osoa Efesoarrei 3