Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 8:3-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Etorri zen, orduan, beste aingeru bat eta aldare ondoan gelditu zen; urrezko intsentsu-ontzi bat zeraman, eta lurringai asko eman zioten, tronu aurrean zegoen urrezko aldare gainean Jainkoaren herriaren otoitzekin batera eskaintzeko.

4. Eta aingeruaren eskutik Jainkoaren aurrera igo zen intsentsuaren kea, Jainkoaren herriaren otoitzekin batera.

5. Ondoren, aingeruak intsentsu-ontzia hartu, aldareko su-txingarrez bete eta lurrera bota zuen. Berehala, trumoiak, danbatekoak, tximistak eta lurrikara izan ziren.

6. Zazpi turutak zituzten zazpi aingeruak jotzeko prest jarri ziren.

7. Jo zuen turuta lehenengo aingeruak, eta kazkabarra eta sua erori ziren lurrera, odolez nahasiak: lurraren herena, zuhaitzen herena eta belar heze guztia kiskalirik gelditu ziren.

8. Jo zuen turuta bigarren aingeruak, eta sutan dagoen mendi handi bat bezalako zerbait itsasora amildu zen: itsasoaren herena odol bihurtu zen.

9. Itsasoan bizi diren sorkarien herena hil egin zen eta itsasontzien herena suntsitu.

10. Jo zuen turuta hirugarren aingeruak, eta zerutik izar handi bat jausi zen, zuzia bezala sutan, eta ibai eta iturri guztien heren baten gainera jausi zen.

11. Izarrak atsentsio-belar du izena; uren herena atsentsio-belarra bezain mingots bihurtu zen, eta gizon-emakume asko hil zen ur haiek edateagatik.

Irakurri kapitulu osoa Apokalipsia 8