Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22

Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Zeru berria eta lur berria

1. Zeru berria eta lur berria ikusi nituen, suntsituak baitziren lehenengo zerua eta lehenengo lurra, eta jadanik itsasorik ere ez zen.

2. Hiri santua ikusi nuen, Jerusalem berria, zerutik, Jainkoarengandik, jaisten, emaztegaia bere senarrarentzat bezala apaindua.

3. Eta ahots handia entzun nuen tronutik esaten: «Hona Jainkoak gizon-emakumeen artean jarri duen bizilekua; haiekin biziko da; haiek izango ditu bere herri, eta Jainkoa bera izango dute berekin.

4. Haien begietako malkoak xukatuko ditu, eta ez da gehiago heriotzarik izango, ez dolurik, ez negarrik, ez nekerik, lehengo mundua betiko desagertua baita».

5. Eta tronuan eseria zegoenak esan zuen: «Hara, gauza guztiak berri egiten ditut». Eta erantsi zuen: «Idatzi esaten dudan hau egiazkoa eta fidagarria dela».

6. Azkenik, esan zuen: «Egina dago! Neu naiz Alfa eta Omega, hasiera eta bukaera. Egarri denari neuk emango diot doan biziaren iturburutik.

7. Hori izango du garaileak ondare, eta Jainko izango nau ni eta nik bera seme.

8. Koldarrek, ordea, sinesgabeek, gaiztoek, hiltzaileek, lizunek, aztiek, sasijainkozaleek eta gezurti guztiek suz eta sufrez garretan dagoen aintzira, hau da, bigarren heriotza, izango dute ondare».

Jerusalem berria

9. Orduan, zazpi ontziak azken zazpi izurriez beterik zeuzkaten zazpi aingeruetako batek etorri eta esan zidan: «Zatoz, emaztegaia erakutsi behar dizut, Bildotsaren emaztea».

10. Espirituak hartu ninduen eta aingeruak mendi handi eta garai batera eraman ninduen; Jerusalem hiri santua erakutsi zidan, zerutik, Jainkoarengandik, jaisten,

11. Jainkoaren aintzaz dirdaitsu. Haren distira harribitxi ederrarena bezalakoa zen, jaspe harria bezain gardena.

12. Harresi sendo eta garaia zuen, hamabi atekoa, eta ate gainetan hamabi aingeru. Hamabi izen zituzten idatziak, israeldarren hamabi leinuen izenak.

13. Hiru ate zeuden ekialdera, hiru iparraldera, hiru hegoaldera eta hiru mendebaldera.

14. Hiriko harresiak hamabi oinarri zituen, eta hauetan idatziak Bildotsaren hamabi apostoluen izenak.

15. Nirekin mintzatzen ari zen aingeruak hiria eta beronen ateak eta harresia neurtzeko urrezko makila zeraman.

16. Hiria karratua zen, luze bezain zabal. Neurtu zuen, bada, hiria makilaz, eta bi mila kilometrotik gora zen; luzera, zabalera eta altuera berdinak ziren.

17. Gero, harresia neurtu zuen, eta hirurogeita hamar metro zen, aingeruak erabili zituen giza neurrien arabera.

18. Harresia jaspezkoa zen eta hiria urre hutsezkoa, beira garbiaren antzekoa.

19. Hiriko harresiaren oinarriak era guztietako harribitxiz zeuden apainduak: lehenengo oinarria jaspez, bigarrena zafiroz, hirugarrena kaltzedonioz, laugarrena esmeraldaz,

20. bosgarrena sardonizez, seigarrena kornalinaz, zazpigarrena krisolitoz, zortzigarrena beriloz, bederatzigarrena topazioz, hamargarrena agataz, hamaikagarrena hiazintoz, hamabigarrena amatistaz.

21. Eta hamabi ateak hamabi perla ziren, bakoitza perla bakarraz egina, eta hiriko plaza urre hutsezkoa, beira gardena bezalakoa.

22. Ez nuen inolako tenplurik ikusi, zeren Jauna, Jainko ahalguztiduna, eta Bildotsa baitira hango tenplu.

23. Hiriak ez du argituko duen eguzki nahiz ilargirik behar, Jainkoaren aintzak baitu argitzen eta Bildotsa du kriseilu.

24. Haren argitan ibiliko dira herriak, eta munduko erregeek hara eramango dute beren handitasuna.

25. Haren ateak ez dira arratsean itxiko, han ez baita gaurik izango.

26. Hara eramango dituzte herrien handitasuna eta aberastasuna.

27. Ez da han ezer kutsaturik sartuko, ez sasijainkozalerik, ez gezurtirik, Bildotsaren biziaren liburuan izenak idatzirik dituztenak baizik.