Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 2:1-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Idatz iezaiozu Efesoko eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen zazpi izarrak bere eskuineko eskuan dauzkanak, urrezko zazpi argimutilen erdian dabilenak:

2. Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak, zure lanbide neketsua eta eroapena. Badakit ezin duzula jende gaiztoa jasan, eta, benetan apostolu izan gabe, beren buruak apostolutzat zituztenak aztertu eta gezurtitzat utzi dituzula.

3. Baduzu eroapenik eta niregatik nekeak jasan dituzu, etsi gabe.

4. Baina zure aurka badut zerbait: galdu egin duzula hasierako maitasuna.

5. Hartu gogoan, beraz, nondik erori zaren; damu zaitez eta itzuli lehengo jokabidera. Bestela, zuregana joan eta bere lekutik kendu egingo dut zure argimutila.

6. Halere, hau duzu zeure alde: nik ere gorroto ditudan nikolaiten egintzak gorroto dituzula.

7. Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari Jainkoaren paradisuan dagoen bizi-arbolako fruituetatik emango diot jaten.

8. Idatz iezaiozu Esmirnako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen lehenak eta azkenak, hila zegoenak eta bizira itzuli zenak:

9. Ezagun-ezagunak ditut zure atsekabea eta pobretasuna; halere, aberats zara. Badakit nola iraintzen zaituzten, judu direla esan arren Satanasen elkarte besterik ez diren horiek.

10. Ez izan beldur jasan beharko duzunaz; hara, zuetariko batzuk kartzelara botako ditu deabruak, zuek probatzeko, eta apur batez atsekabetuak izango zarete. Izan zaitezte leial heriotzaraino eta garaipen-koroa, betiko bizia, emango dizuet.

11. Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileak ez du bigarren heriotzaren zigorrik jasango.

12. Idatz iezaiozu Pergamoko eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen aho biko ezpata zorrotza duenak:

Irakurri kapitulu osoa Apokalipsia 2