Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22

Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Emagaldu handiaren gaitzespena

1. Zazpi ontziak zituzten zazpi aingeruetako batek etorri eta esan zidan: «Zatoz hona eta ur handien gainean eseria dagoen emagaldu handiarentzat erabakitako zigorra erakutsiko dizut;

2. berorrekin jardun zuten prostituzioan lurreko erregeek, eta lurreko bizilagunak berorren prostituzio-ardoz mozkortu ziren».

3. Espirituak hartu ninduen, eta aingeruak basamortura eraman; han emakume bat ikusi nuen piztia gorrimin baten gainean eseria; piztia Jainkoaren kontrako izen iraingarriz josia zegoen; zazpi buru zituen eta hamar adar.

4. Emakumea purpuraz eta gorriminez zegoen jantzia eta urrez, harribitxiz eta perlaz apaindua; eskuan urrezko edalontzi bat zuen bere prostituzio zikinaren fruitu higuingarriz betea;

5. bekokian izen misteriotsua zuen idatzia: «Babilonia handia, lurreko emagaldu eta higuingarritasunen ama».

6. Emakumea Jainkoaren herriaren eta Jesusen fedeagatik hildakoen odolaz mozkorturik zegoela konturatu nintzen.Erabat harriturik gelditu nintzen hura ikustean.

7. Baina aingeruak esan zidan: «Zergatik harritzen zara? Nik adieraziko dizut emakumearen eta berau gainean daraman eta zazpi buru eta hamar adar dituen piztiaren esanahia.

8. «Ikusi duzun piztia lehen bazen, baina orain ez; lur azpiko leizetik igoko da, baina hondamendirantz doa. Beren izenak biziaren liburuan munduaren sorreratik idatzirik ez dituzten lurreko bizilagunak harritu egingo dira piztia ikustean, lehen bazen eta orain ez den piztia berriro agertzen ikustean.

9. Buruargitasuna behar da hemen. Zazpi buruak, emakumea gainean eseria dagoen zazpi muinoak dira; zazpi errege ere esan nahi dute:

10. bost erori dira, bat oraingoa da eta bestea oraindik ez da etorri; baina etorritakoan gutxi iraungo du.

11. Bazen eta ez den piztia zortzigarren erregea da, nahiz eta era berean zazpi horietakoa izan; baina bere hondamendirantz doa.

12. «Ikusi dituzun hamar adarrak, oraindik erregetza hartu ez duten hamar errege dira; piztiarekin batera hartuko dute errege-agintea, baina ordu baterako bakarrik.

13. Denek asmo bera dute: beren ahalmen eta agintea piztiari ematea.

14. Borroka egingo diote Bildotsari, baina honek garaitu egingo ditu, jaunen Jauna eta erregeen Erregea baita, eta berarekin batera garaile izango dira Jainkoak deitu eta aukeratu dituenak eta leial izan zaizkionak».

15. Beste hau ere esan zidan: «Emagaldua ur gainean eseria ikusi duzu; ur horiek herri, jendetza, nazio eta hizkuntzak dira.

16. Piztiak eta ikusi dituzun hamar adarrek gorroto izango diote emagalduari, biluzik eta ezer gabe utziko dute; haren haragia irentsi egingo dute eta hondarrak sutan erreko;

17. Jainkoak bere asmoa bete behar dutela sartu die buruan: elkar hartzera eragingo die, beren erregetza piztiari emateko, harik eta Jainkoaren esana erabat bete arte.

18. Ikusi duzun emakumea, lurreko erregeen gain erregetza duen hiri handia da».