Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Pedro 2 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Sasimaisuak sortuko

1. Israel herrian sasiprofetak izan ziren bezala, zuen artean ere izango dira sasimaisuak, doktrina kaltegarriak zabaltzen saiatuko direnak. Salbatu zituen Jauna ukatu egingo dute, eta berehala ekarriko dute beren gainera hondamena.

2. Jende askok jarraituko die beren jokabide biziotsuan, eta, horiek direla eta, gaitzetsia izango da kristau-bidea.

3. Diru-goseak eraginda, irabazia lortu nahiko dute hitz maltzurrez, baina aspaldidanik dago erabakita haien kontrako epaia, eta zain dute hondamena.

Sasimaisuen zigorra: iraganeko adibideak

4. Jainkoak ez zien barkatu bekatu egin zuten aingeruei, eta, infernuko barrunbe ilunetara jaurtiz, han utzi zituen auzirako gordeta.

5. Antzinako munduari ere ez zion barkatu, baizik eta uholdea bidali eta jende gaizto hura suntsitu egin zuen, nahiz eta Noe —bere bizitzan zintzotasuna erakutsi zuena— hondamenditik libratu beste zazpi lagunekin.

6. Sodoma eta Gomorra hiriak ere kondenatu egin zituen eta erraustu, gerora izango ziren gaiztoen eskarmenturako.

7. Baina Lot zintzoa onik atera zuen, jende gaizto haren biziera biziotsuak saminez betetzen zuelako.

8. Gizon zintzo hau gaizkile haien artean bizi zen, eta egunero ikusi eta entzun behar izan zituen itsuskeriek atsekabez betetzen zioten bere bihotz zintzoa.

9. Izan ere, badaki Jaunak gizon zintzoak probalditik ateratzen eta gaiztoak auzi-egunean zigortzeko gordetzen,

10. batez ere, haragizko grina zikinen atzetik dabiltzanak eta Jaunaren agintea gutxiesten dutenak.Sasimaisuok harroputz eta ausart dira: inolako beldurrik gabe, maldizioak botatzen dituzte zerutar izakien kontra;

11. aingeruak berak, ostera, indarrez eta ahalmenez handiagoak izan arren, ez dira ausartzen Jaunaren aurrean haien kontra irainik esaten.

12. Gizon horiek, harrapatu eta sarraskitzeko sortuak diren adimengabeko animaliak bezalakoak dira: ezagutzen ez dutena madarikatzeagatik, animaliak bezala galduko dira,

13. egindako gaitzaren ordainez gaitza jasoz. Egun-argitan atseginkeriatan ibiltzea dute gogoko; jende nardagarri eta ustel hori lizunkeriatan gozatzen da, zuekin jan-edanean ari diren bitartean.

14. Begiak adulterio-irrikaz dituztela, ez dira bekatuz inoiz asetzen. Pertsona ahulak liluratzen dituzte, eta gutiziarako trebatua dago jende madarikatu hori.

15. Bide zuzena utzirik, galdu egin dira, Bosorren seme Balaam profetaren jokabideari jarraituz. Honek bidegabeko irabazia irrikatu zuen;

16. baina izan zuen bere bidegabekeria aurpegiratu zion norbait: hitzik ez duen asto batek, giza ahotsez mintzatuz, profetari bere asmo zoroa galarazi zion.

17. Gizon horiek urik gabeko iturri dira, ekaitzak eramaten duen laino. Ilunpe beltzak dauzkate zain.

18. Hots handiko hitzaldi hutsak egiten dituzte eta grina lizunen bitartez okerbidetik aldendu berriak liluratzen.

19. Libre izango direla agintzen diete, berak bitartean gaiztakeriaren esklabo direlarik, zeren eta noren menpean jarri, haren esklabo baita gizakia.

20. Izan ere, Jesu Kristo gure Jaun eta Salbatzailea ezagutu eta munduko lohikeriei ihes egin ondoren, berriro haietara erortzen direnentzat, azkeneko egoera hau lehenengoa baino okerragoa da.

21. Hobe zuketen salbazio-bidea sekula ez ezagutzea, ezagutu eta gero, hartu zuten lege santutik atzera egitea baino.

22. Horiengan betetzen da esaera zaharrak hain egoki dioen hau: Txakurra ok egin eta botatakora itzultzen da, eta «Txerri garbitu berria lokatzetara».