Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Korintoarrei 5 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jakin badakigu, mundu honetan bizileku dugun oihal-etxola hau hondatzen bazaigu ere, Jainkoak prestaturiko bizilekua dugula zeruan betiko, giza eskuz egin gabea.

2. Horregatik, hain zuzen, hasperenka gaude, oraingoaren gainetik zeruko geure bizileku hura janzteko irrikaz,

3. orduan lurreko geure gorputzaz jantzirik bagaude behintzat, eta ez biluzgorri.

4. Bai, oihal-etxola honetan bizi garenok, hasperenka gaude larri, ez baitugu oraingo jantzi hau galdu nahi, baizik eta honen gainetik beste jantzia hartu nahi dugu, hilkor dena biziak beregana dezan.

5. Horretarako egin gaitu Jainkoak, eta horren garantiatzat Espiritua eman digu.

6. Beraz, uste onez beteak gaude beti, nahiz eta jakin, gorputz hau geure egoitza dugun bitartean, Jaunarengandik erbesteratuak gaudela.

7. Sinesmenaren argiak gidatzen gaitu, eta ez ikusten dugunak.

8. Uste onez gaude, bai, baina nahiago genuke gorputz honetatik erbesteratuak izan Jaunarekin bizitzera joateko.

9. Nolanahi ere, gorputzean nahiz gorputzetik kanpo, Jaunari atsegingarri izaten ahalegintzen gara,

10. guztiok Kristoren auzitegian agertu behar baitugu, nork bere ordaina jasotzeko, saria nahiz zigorra, gorputzean bizi garelarik egindakoaren arabera.

Kristo Jesusengan sorkari berri

11. Jakinik, beraz, Jaunari zer begirune zor zaion, gizon-emakumeak konbentzitzen ahalegintzen gara. Ondo baino hobeto daki nor garen Jainkoak, eta zuek ere zeuen baitan badakizuelakoan nago.

12. Ez gabiltza berriro geure burua zuen aurrean gomendatzen; guregatik harrotzeko aukera eman nahi dizuegu. Horrela jakingo duzue zer erantzun, egiaz barruan dutenaz ez, baina kanpoko itxuraz harrotzen direnei.

13. Burua galdurik bezala agertu bagara, Jainkoarengatik izan da, eta orain geure senean agertzen bagara, zuengatik da.

14. Izan ere, Kristoren maitasunak bultzatzen gaitu, jakinik bat denengatik hil dela eta, ondorioz, denak hil direla.

15. Kristo denengatik hil da, bizi direnak ez daitezen berentzat bizi, beraiengatik hil eta piztu den harentzat baizik.

16. Beraz, hemendik aurrera ez dugu inor giza ikuspegi hutsez balioztatuko; eta inoiz Kristo giza ikuspegiz balioztatu badugu, orain ez dugu hala egiten.

17. Beraz, Kristorena dena sorkari berri da; zaharrarenak egin du, berria sortu da.

Jainkoarekin adiskidetzeko zerbitzua

18. Hau guztia Jainkoarengandik dator, Kristoren bitartez berekin adiskidetu baikaitu eta adiskidetzeko zerbitzua gure esku utzi du.

19. Bai, Jainkoa da Kristoren bitartez mundua berekin adiskidetu duena, gizon-emakumeei bekatuen kontuak eskatu gabe, eta adiskidetzearen mezu hau gure esku utzi duena.

20. Kristoren mandatari gara, beraz, eta Jainkoak berak gure bitartez erregutuko balizue bezala da. Kristoren izenean eskatzen dizuegu: egitzazue bakeak Jainkoarekin.

21. Bekatuarekin zerikusirik ez zuen hura, guregatik bekatuarekin bat egin zuen Jainkoak, guk haren bitartez Jainkoarengandik salbamena irits dezagun.