Itun Zaharra

Itun Berria

2 Korintoarrei 4:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Horregatik, zerbitzu hau Jainkoak bere errukiz eman digula jakinik, ez dugu kemenik galtzen.

2. Uko egin diegu isilpeko baliabide lotsagarriei; ez dugu azpikeriaz jokatzen, ezta Jainkoaren mezua faltsifikatzen ere. Aitzitik, egia argi eta garbi azalduz, geure buruak sinesgarri bihurtzen dizkiegu gizon-emakume guztiei Jainkoaren aurrean.

3. Guk hots egiten dugun berri ona ilun gertatzen bada, galtzen direnentzat gertatzen da ilun,

4. sinesgabeentzat alegia; Satanasek, mundu honetako jainkoak, itsutu egin baitie adimena, Jainkoaren irudi den Kristo aintzatsuaren berri onaren argi distiratsua ikus ez dezaten.

5. Ez gara geure buruak predikatzen ari, Jesu Kristo Jauna dela baizik, eta gu ez gara zuen zerbitzari besterik Jesusen maitasunagatik.

6. «Distira beza argiak ilunpetan» esan zuen Jainkoak berak piztu du argia gure bihotzetan, Jesu Kristoren aurpegian distira egiten duen Jainkoaren aintza argiro ezagut dezagun.

7. Baina altxor baliotsu hau buztinezko ontzitan daramagu, garbi ager dadin honenbesteko indarra Jainkoarengandik datorrela eta ez guregandik.

8. Alde guztietatik estutzen gaituzte, baina zapaldu ez; larri gaude, baina etsita ez;

9. erasopean bai, baina eskutik utzita ez; lurrera botatzen gaituzte, baina suntsitzen ez;

10. nonahi eta beti Jesusen heriotza daramagu guregan, Jesusen bizia ere guregan ager dadin.

11. Bizi garen bitartean, beti heriotzara garamatzate Jesusengatik, gure izate hilkor honetan Jesusen bizia ere ager dadin.

Irakurri kapitulu osoa 2 Korintoarrei 4