Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Korintoarrei 12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Pauloren ikuskari eta agerpenak

1. Harrotu behar badut —ezertarako ez bada ere—, Jaunarengandiko ikuskari eta agerpenetara joko dut.

2. Ezagutzen dut nik kristau bat, orain hamalau urte hirugarren zeruraino eraman zutena —gorputzarekin ala gorputzik gabe ote zen ez dakit, Jainkoak daki—.

3-4. Eta badakit gizon hori paradisura eraman zutela —gorputzarekin ala gorputzik gabe ez dakit, Jainkoak daki—, eta han, gizakiak ezin esan ditzakeen hitzak entzun zituela.

5. Halako gizonaz harrotuko naiz ni; neure buruaz, ordea, ez, neure ahuleziaz ez bada.

6. Harrotuko banintz, hala ere, ez litzateke burugabekeria izango, egia hutsa esango nuke eta; baina bego horretan, inork niregan ikusten edo entzuten duenak adierazten duena baino handiagotzat har ez nazan,

7. aparteko goi-agerpenak izan ditudala eta.Horiek direla-eta neure burua den baino handiagotzat jo ez dezadan, oinaze bat emana izan zait, haragian sartutako eztena bailitzan, harro ez nadin jo eta jo ari zaidan Satanasen ordezkaria.

8. Hiru aldiz eskatu diot Jaunari, ken dezala hori niregandik,

9. baina berak esan dit: «Nahikoa duzu nire laguntza, nire indarra ahulezian agertzen baita bete-betean». Gustura harrotuko naiz, beraz, neure ahuleziaz, Kristoren indarra niregan ager dadin.

10. Horregatik, pozik nabil Kristorengatik jasaten ditudan ahulezia, laido, beharrizan, erasoaldi eta estualdietan. Ahul naizenean, orduan bainaiz indartsu.

Korintoarrak direla-eta Paulo kezkatan

11. Zoro bezala mintzatu naiz, baina zeuek behartu nauzue; izan ere, zeuek atera behar zenuten nire alde, zeren, ezer ez naizen arren, ez bainaiz ezertan superapostolu horiek baino gutxiago.

12. Apostolu naizela adierazten duten seinaleak, zuen artean eroapen handiz burutu nuen lanean agertu ziren argi: mirariak eta egintza ahaltsu eta harrigarriak.

13. Zertan izan zarete beste eliz elkarteak baino gutxiago, nik zuen kontura bizi nahi ez izatean baizik? Barka, mesedez, bidegabekeria hau!

14. Prest nago hirugarren aldiz zuengana joateko, eta oraingo honetan ere ez natzaizue nekagarri izango. Ez nabil zuen ondasunen bila, zeuen bila baizik. Izan ere, ez dute seme-alabek aurreratzen gurasoentzat, gurasoek seme-alabentzat baizik.

15. Nik ere oso gustura emango dut dudan eta naizen guztia zuengatik. Badirudi, hala ere, zenbat eta gehiago nik zuek maite izan, hainbat eta gutxiago maite nauzuela zuek ni.

16. Norbaitek esan dezake egia dela ez natzaizuela nekagarri gertatu, baina, begi argikoa naizenez, engainuz harrapatu zaituztedala.

17. Hara zenbat lagun bidali izan dizuedan: horietako zeinez baliatu naiz zuek ustiatzeko?

18. Titori eskatu nion joateko, eta berarekin beste anaia hura bidali nuen. Titok ustiatu ote zaituzte? Ez al dugu biok espiritu berarekin jokatu? Ez al gara bide beretik ibili?

19. Honezkero, neure burua zuen aurrean zuritzen ari naizela uste izango duzue. Baina ez! Kristau bezala eta Jainkoaren aurrean mintzo natzaizue, eta guztia, maiteok, zuei fedean hazten laguntzeko da.

20. Izan ere, beldur naiz, zuengana joango naizenean, ez ote zaituztedan nik nahi ez bezala aurkituko eta ez ote nauzuen zuek ere nahi ez zenuketen bezala aurkituko. Beldur naiz ez ote diren zuen artean eztabaidak, bekaizkeriak, haserreak, norgehiagokeriak, gaizki-esateak, esamesak, handikeriak eta nahaspilak izango.

21. Beldur naiz, hurrena zuengana joatean, neure Jainkoak ez ote nauen berriro ere atsekabetuko zuen aurrean, eta bekatu egin duten askorengatik ez ote dudan negar egin behar izango, beren jokabide lizun eta biziotsua aldatu ez dutelako.