Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Timoteori 6 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Esklaboak eta nagusiak

1. Esklabotzaren uztarpean dauden guztiek har ditzatela beren nagusiak ohoragarritzat, Jainkoaren izenaz eta gure irakaspenaz inork gaizki hitz egin ez dezan.

2. Nagusi sinestedunak dituztenek ez ditzatela gutxiets, fedean senide dituztela eta; aitzitik, hobeki zerbitza ditzatela, zerbitzu hori hartzen dutenak ere sinestedunak eta Jainkoak maitatuak baitira.

Sasiirakasleak

3. Hau da irakatsi eta aholkatu behar duzuna. Besterik irakasten duena eta Jesu Kristo gure Jaunaren hitz osasungarrira eta jainkozaletasunaren araberako irakaspenetara egokitzen ez dena

4. harrokeriak itsututako ezjakina da, eztabaida eta hitz-liskarretarako joera gaixoa duena. Hortik sortzen dira bekaizkeriak, auziak, irainak, susmo txarrak,

5. etengabeko sesioak; horietan aritzen direnak burua galdutako jendea da, egiaren axolarik gabea; horiek erlijioa irabazpide bihurtzen dute.

Benetako aberastasuna

6. Bai, irabazi handia du erlijioak, baina bakoitza duenarekin konformatuz gero;

7. ez dugu ezer ekarri mundu honetara eta ezin izango dugu ezer atera ere.

8. Beraz, zer jan eta zer jantzi edukiz gero, aski dugu.

9. Aberats izan nahi dutenak tentaldiaren sarean eta gizakia hondatzen eta galtzen duten grina zoro eta kaltegarri askotan erortzen dira.

10. Zeren diru-gosea baita gaitz guztien sustraia; diruaren irrikagatik sinesmenetik aldendu eta atsekabe asko bereganatu du zenbaitek.

Sinesmenaren aldeko borroka jatorra

11. Zuk, ordea, Jainkoaren gizon horrek, ihes egizu hauetatik guztietatik, eta saia zaitez justizian, jainkozaletasunean, sinesmenean, maitasunean, eroapenean eta otzantasunean.

12. Ekin sinesmenaren borroka jatorrari eta eskuratu betiko bizia, hartarako deitu baitzaitu Jainkoak, eta fede-aitormen bikaina egin baituzu, testigu askoren aurrean.

13. Gauza guztiak biziarazten dituen Jainkoaren aurrean eta Pontzio Pilatoren aitzinean aitormen bikaina egin zuen Kristo Jesusen aurrean erregutzen dizut:

14. bete agindua akatsik gabe eta esankizunik sortu gabe, Jesu Kristo gure Jauna agertuko den arte,

15. bere garaian agerraraziko baitu Jainkoak.Berau danagusi bakar eta zoriontsua,erregeen Erregea eta jaunen Jauna;

16. bera bakarrik da hilezkorra,eta iritsezineko argitan bizi da:ez du inoiz gizakik ikusi,eta ezin du ikusi ere.Berari aintza eta agintea betiko!Amen.

Aberatsei aholkuak

17. Aholkatu mundu honetako aberatsei ez daitezela harroputz izan eta ez dezatela beren itxarobidea aberastasun galkorretan ipin, gauza guztiak geure gozamenerako oparo ematen dizkigun Jainko biziarengan baizik.

18. Egin dezatela ongia; izan daitezela egintza onetan aberats, eskuzabal jokatuz eta ondasunak besteen zerbitzura jarriz;

19. horrela, altxor baliotsua pilatuko dute etorkizunerako eta egiazko bizia eskuratuko.

Azken agurra

20. Ene Timoteo, zaindu Jainkoak zure esku utzi duen fede-gordailua. Utzi alde batera fedearen kontrako berriketa hutsalak eta sasizientziaren argudioak,

21. sasizientziaren zenbait jarraitzaile aldendu egin baita fede-bidetik.Jainkoaren grazia zuekin.